«Mundu hau normaldu egin da eta ni ez nago normaltasunera egokituta. Izan daiteke azkena...»
«Lili eta biok» (Erein) argitaratu zenetik aste bakan batzuk pasatu badira ere, nahastuta aurkitzen du bere burua Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944). Zertarako eta norentzat idatzi, errealitatetik ihes egiteko balio ote dion literaturak, eta hura uzteko beharraz edo Valium hartzearen hobenaz hausnartu du. Txeratsu, gogoeta lausoak argitara eramaten saiatu da. Eta eskertzen diogu.

Irakurri dut liburua...
Eskerrik asko, ez didate askok esan.
Gustatu zait.
A bai?
Kosta zaidan arren istorioan sartzea…
Nire hasierak… Kosta egiten zait eta ez dakit zergatik. Kostatzen zait haria hartzea. Bukaera, berriz, askotan joan egiten zait. Hori ez dago ondo. Batez ere hasierak zergatik egiten zaizkidan hain gogorrak, ez dakit zergatik den.
Martxa hartu arte agian…
Esango nuke ni neu estilo horretakoa naizela, hasierakoa. Gehiago naizela zera hori. Neronek nahi dudana idazten dut, baina noizbehinka galdetzen diozu zure buruari, «norbaitek irakurriko al du?». Eta gero eta beldur gehiago esango nuke diola idazleak irakurlea galtzeari. Kuriosoa da ze azken bi liburuen inguruan loditasunari buruzko aipamenak entzun ditut. «Ze potoloa!». Umeak bezala… Egia da askotan esaten diodala neure buruari irakurle zintzoa interesatzen zaidala, ditudan seguru asko bakan horiek, horiei fidela izatea. Eta espero dudala zuk bezala, nahiz eta kosta, esatea: «Barkatuko diot eta egingo dut aurrera ea gizonak bere bidea hartzen duen». Nik neuk ez diet hori idazle guztiei egiten, batzuei bakarrik. Orain denoi eskatzen zaigu irakurleria zabal batengana zuzentzea. Telebistan bezala, audientzia galdu dugu. “Martutene” pisatu nuen eta uste dut 1.200 gramo zirela. Baina komentario guztiak hortik joatea…
Minduta sentitu zara?
“Martutene”-rekin zer pentsa eman zidan eta honekin ere uste dut baietz, komentario bakarra hori izan denez… Joder… Koño… Gazteentzako ere egin nahi izan dut, baina gazteentzako hori eragozpena da. Eta esango nuke edukiko nukeela liburu hau jorratzea gazteentzako erakargarriago egiteko moduan, baina nola neure helburuetan ez dagoen irakurleria zabal bati iristea baizik eta esateko dudana esatea, ba ez dut egin. Mugatu egiten dut irakurleria potentziala.
Selekzionatu egiten duzu orduan.
Hori esatea pedantea da.
Zergatik ez selekzionatu, bada?
Ba bai, egia esan bai. Dudan edadearekin nire helburuetan arrakasta izatea ez dago ja. Arrakastak zertarako? Gehiago idazten dut literatura munduan sartutako jendearentzat, nire inguruko, ni naizen moduko jendearentzat.
Horregatik barkatzen dizute hainbeste agian…
Bai, hori da. Batzuek uste dut barkatzen dizkidatela. Eta beste batzuek ez dizkidate barkatuko eta frustratu egingo dira.
Hari mutur asko elkartu dituzu. Nondik abiatu zinen?
Badakit “Martutene” bukatu nuenean hasi nintzela idazten momentu hartan irakurtzen nituen pornografia bigunen parodia. Gizon izatearen deserosotasuna-edo, egunero periodikoetan irakurtzen ditugun tratu txarren egoera horretan. Nire interpretazioa zen erakustea emakumeentzako egindako pornografia moduko hori dela gizonezkoei atsegin zaien usteetan egina. Hori erakutsi nahi nuen. Faustino Iturbe bezalako gizajo bat jarri nahi nuen egoera horretan. Gizon izatearen, matxo izatearen, arra izatearen kulpa horrekin. Denok izan gaitezke momenturen batean susmagarriak. Onartu behar dugu emakume batek momentu batean sustoa hartzea gizon baten presentziaren aurrean. Kulpa eraman behar izan dudan bezala euskalduna izateagatik.
Beste anekdota bat da hiztegiarena. [Anjel] Lertxundiren liburu batean ateratzen da. Portzierto, berari ez diot ezer esan. Eta horrek ere ez dakit zergatik eskaintzen zidan hari bat gerrako kontuetan sartzeko. Alderdi “txarrean” egon ziren gurasoen seme-alabek eraman duten zama ikusaraztea ere interesatzen zitzaidan. Aita faxista edo Francoren aldean borrokatu izanaren kulpa. Eta alderantziz, alderdi horretatik aitak errepublikanoekin borrokatu zelako harro edo pozik egotearena. Behin Monzoni entzun nion eta arrazoi zuen: «Gerra galdu genuenak irabazi egin dugu, galdu zutenen oinordekoak izan dira harrotasunez atera direnak».
Horiek denak Faustino Iturberen obsesioetan sartzen dira.
Beti dago zera obsesiboa. Orain konturatu naiz, orain arte ez bezala, liburu honekin ikusi dut zertarako idatzi. Ikusi dut badela errealitatetik ihes egiteko modu bat. Idazten dudan bitartean hor nago; berez behar bat ere izan da. Jolas horretan entretenitzekoa, munduari ihes egiteko. Funtzio hori ere badu literaturak niretzat. Orain bezain argi ez dut inoiz ikusi; [“Lili eta biok”] bukatu nuenean, berehala jarri bainintzen beste bat idazten, gogorra egiten zitzaidalako idatzi gabe egotea. Beste batekin jarri nintzen baina zorionez utzi dut. Egiazki ez dakit ez ote dudan ikasi behar hori gabe bizitzen.
Desintoxikatzen ikasi.
Bai. Edo Valium hartu. Beste gauzetan ez pentsatzen laguntzen dit idazteak.
Ikusirik zenbatero argitaratu izan dituzun liburuak hau nahiko azkar joan da. Hiru bat urte?
Hiru urte, bai. Ez dira gutxi, baina nire martxarako bai. Nire buruari galdetzen diot ea zentzurik duen… Liburu bat mundura ekartzea ez da oso pozgarria –gure artean–. Hainbeste liburu, jendeak irakur ditzan kanpainak egiten… Ez nago oso ados portzierto. Gehibaloratu egiten dugu askotan irakurtzea.
Irakurtzeak ere estatus bat ematen du.
Neuk ez diot utziko irakurtzeari. Liburu bati eta nobelari zehazki etekin handia ateratzen diot. Pelikulek ematen ez duten zerbait ematen du irakurtzeak. Despistatuta nago, bestalde: zeinentzat idatzi? Gauza errazak-zailak, goi literatura-azpi literatura… Gauza asko ari dira gertatzen. Garai batean Shakespeare edo Cervantes jende nahiko arruntak irakurtzen zuen eta orain badirudi elite batentzat direla. Hor zerbait gertatu da. Faustino Iturbek dio Dostoievski irakurtzen zuela gaztetan; nik ere irakurtzen nuen. Eta 40 urterekin irakurtzen duzu berriro eta beste irakurketa klase bat egiten duzu. Alegia, liburu batek bazka modu eta gai asko ematen ditu. Argitaratu zenean esaten nuen nahi nuela gazteei gerturatu eta seguru nago baduela irakurketa bat gazteentzat.
Eroso sentitzen zara gazteengana hurbilduta?
Atsegin zait jakitea oihartzuna izan zuela “Kandinskyren tradizioa”-k gazteengan. Zentzu bat ikusten diozu zure lanari.
Giza harremanekin kezkatuta jarraitzen duzu.
Beti daukat kezka. Hain frustragarria da elkar ez ulertzea eta ez aurkitzea gauza horietaz hitz egiteko modua. Lehen gizonezkoen artean nekez ateratzen zen gai sakon bat politikoa ez zena eta geure kezkak mahai gainean jartzeko daukagun lotsa eta zailtasuna gainditzea. Badirudi askotan gai horiek tratatzen direnean ez garela ausartzen besteari kalte egiteko beldurrez; bestea egoera zail batean edo trantze batean jartzeko beldurrez. Eta hori behin adin batera iritsita oso frustragarria zait.
Emakumeek enbidia eman izan didate gauza askotan eta hori da bat. Gai horiek literaturan errazago tratatzen dira. Ez dakit zer esan… Nahastuta nago… Oso frustragarria da nire adinera iristea eta dena duda izatea.
Faustino Iturbe izan zintezke...
Bai. Neu naiz Faustino Iturbe gizarajoa.
Kasualitatearen aitzakiapean bidaiatzen duena.
Bai, absurdoraino. Jolas bat ere bada. Kasualitateak badu garrantzia gure bizitzan. Hori onartzea, nire denboran, historiaren interpretazio marxistarekin, non banakakoek hain garrantzi gutxi baituten eta dena dagoen ekonomikoki determinatuta… Ba ez. Onartu beharra dago, nahiz eta gertakizun ekonomikoek historian pisu determinantea duten, erabatekoa, gauza asko gertatzen direla ausaz eta garrantzi handia dutela. Horregatik ere orain bizi dugun historia honetan beti nago momentuz momentuko zera horiek noiz egingo duten “boom”. Hain miresgarria iruditzen zait, hain nobeleskoa…
Zentzu erromantikoa erantsi diozu.
Ni erromantikoa naiz. Baina hor ere gauzak oso ilun dauzkat, konturatzen bainaiz erromantizismoak kalte handia egin digula. Zuei ja ez, baina nire belaunaldiari bai. Arrazionaltasun hutsa ere, ordea, ez zait gustatzen. Kontraesankorra naiz. Gertatzen zait sexualitatearekin. Iruditzen zait bazkaltzera elkarrekin joatea, nahiz eta oso intimoa izan daitekeen, ez dela ohera elkarrekin joatea bezala, nahiz eta ulertzen dudan, ez naiz tontoa, sexua izan daitekeela gimnasia egiteko modu bat. Eta oso ondo iruditzen zait. Baina… bueno… Era arrazionalean gauza bat ikusteko gai naiz, baina nahastu egiten naiz pixka bat. Izango litzateke norekin nagoen. Eskuineko sexu sublimatu bat nahi duen baten aurrean jarriko nintzateke erabat arrazional, larrutan egitea da gimnasia egitea bezala. Baina alderantziz, horrela ikusi nahi dudanean, telebistan ikusten ditudanean jostailu sexualak eta pilak eta… pixka bat zera egiten zait… joder… Gertatzen zait berdina prostituzioarekin. Esaten denean legalizatu egin behar dela, alde klandestinotik atera eta prostitutak izango lirateke profesional normalak, ordainduko lituzkete zergak, eta abar. Hori ikusteko gai naiz eta iruditzen zait oso arrazoizkoa, baina bada zerbait jartzen nauena feminista erradikalen ondoan. Eta iruditzen zait badutela arrazoia, ez dela profesio normala, ez dela fisioterapeuta izatea prostituta izatea. Nik atera egingo nuke sexu harremanak izatea profesioen katalogotik.
Baina Lili ez da Lolita bat.
Ez, ez da. Baina hori ere berdin, ez daukat ezer Lolitaren kontra. Errespetu absolutua diot. Ni neu ez nago hor. Nire tabua adoleszente baten aurrean da inzestuaren tabuaren neurrikoa. Ez dakit karka naizen, ez dut uste. Hain zuzen hori sartu nahi dut, nola gizon horrek (Faustino Iturbe) eta neskatoak (Lili) harreman ona duten maila intelektual batean eta nola enrollatzen diren historia bat sortzeko.
Eta politika? Behar baino gehiago azpimarratzen da kanpotik zure liburuetan?
Gaztelaniazko itzulpenak eta atera izan direnetan, Madrilen aurkezpenak egin izan ditudanetan hor galdera beti da hemengo egoeraz eta indarkeriaren aferaz. Zorionez beste egoera batean gaude. Behintzat momentu honetan politika egiten ari da jendea eta hori ona da. Oraindik asko dago esateko. Pentsa, oraindik Gerra Zibilaren ondorioak sufritzen ari gara…
Zama politiko arinagoa izango du liburu honek…
Hor islatzen da batzuek oraindik ikusten ez dutena eta Gerra Zibila ez zela izan Espainia Euskadiren kontra. Gipuzkoan kokatzen da asuntoa eta Gipuzkoan sartu ziren lehenak gure anaia nafarrak izan ziren. Eta gero bi alderditakoak izan zirela/ginela borrokan eta inportantea da hori onartzea, euskaldunon arteko gerra ere izan zela. Oraindik ere historia hori ez da ondo itxi.
Etorkizunari keinuka ari zara. Eta bihar zer?
Gai tristea da. Nire ibilbidea errepasatzen dudanean iruditzen zait oraindik ez dudala asmatu kontatzeko dudana kontatzen. Egia da denbora kontra dudala. Fisikoki nobela bat idazteak eskakizun handia du eta beldurra diot idatzi beharra neure errealitateari ihes egiteko modu bat izateari, eta horren ondorio izatea liburuak. Ez diot ikusten zentzu handirik liburu bat gehiago idazteari, liburu bat gehiago izanik. Maisulan bat idazteko gai ez naizenez, liburu bat gehiago… hainbeste liburu dago… traba ere ez ote dudan egiten. Ez dut espero liburu bat idatzi dudalako mundua gelditzea, baina azkenean, pisuari buruzko komentarioak… arazoa hori bada, ba bueno. Inoiz eduki ez dudan beharra daukat, nire irakurleria ezagutzekoa. Idazle batek zenbateko irakurleria behar du justifikatzeko bere lana? Hori jakingo banu!
Ez duzu uste idazten duzuna idazten duzula ere beti egongo dela norbait barkatuko dizuna?
Itsasora botila botatzea norbaitek irekiko duen esperantzarekin eta barkatuko dizun esperantzarekin... Nik liburuak atera ditudanean izan dute mundu akademikoaren errespetua gehiago, baina arrakasta popularra… Lehen euskaraz zerbait argitaratzen zenuenean bazenuen euskalgintzara zerbait ekartzearen errespetua eta poza. «Liburu bat gehiago!». Hori zorionez bukatu da. Baina irakurleak ulertzea hori fede onez idatzi duzula, hori zaila da. Mundu hau normaldu egin da eta ni ez nago normaltasunera egokituta. Izan daiteke azkena...

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
