GARA
OIARTZUN

Oiartzunek San Markosen jasotako zerbitzuen arabera ordaindu beharko du

EAEko Auzitegi Nagusiak Oiartzungo Udalari arrazoia eman dio eta San Markos Mankomunitateko 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu. Oiartzunek San Markosi egin beharreko ekarpen ekonomikoa udal bakoitzak jasotzen dituen zerbitzuen arabera ordaintzeko eskatzen zuen eta epaileek hala egin behar dela ebatzi dute.

EAEko Auzitegi Nagusiak Oiartzunek San Markosen jasotzen dituen zerbitzuen arabera ordaindu behar duela ebatzi du. Udalari arrazoia eman dio eta San Markos Mankomunitateko 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu. Oiartzunek San Markosi egin beharreko ekarpen ekonomikoa udal bakoitzak jasotzen dituen zerbitzuen arabera ordaintzeko eskatzen zuen, eta epaileek hala egin behar dela ebatzi dute.

Honela, bigarren aldiz gauza bera esan du Auzitegiak. Aurretik Astigarraga, Hernani, Lezo, Pasaia eta Usurbilek gai honen inguruan jarritako errekurtsoan ere udal horiei arrazoia eman zien: 2014ko aurrekontuak deuseztatu eta ekarpenak banaka kalkulatu behar direla onartu zuen.

Oiartzungo Udalak ohar batean agertu zuenez, epaileek 2014an Mankomunitateko lehendakari zen Denis Itxasok (PSE) eta bere ingurukoek erabilitako argudioak desmuntatu dituzte sententzian. Ohartarazi zuenez, Mankomunitateko buruek hartu zituzten erabakiak atez ateko bilketa sistema zuten herriak «zigortzeko» izan ziren, sailkatutako gai gutxien biltzen zuten –eta birziklapen tasa txikienak zituzten– herrietako bilketa «ordainaraziz besteoi».

Kontuak ongi egiteko eskaera

Udalak erantsi zuen 2015eko aurrekontuak ere epaitegietan errekurrituta daudela arrazoi berarengatik, erantzunaren zain.

San Markoseko Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak oraindik ez daude onartuta. Oiartzungo Udalak espero du aurten, azkenean, aurrekontuak ongi egingo direla, herri bakoitzak egin behar dituen ekarpen ekonomikoak egoki kalkulatuta, justuak izateko.

Horregatik, Jaime Dominguez-Macaya (EAJ) Mankomunitateko lehendakariari Itxasok aurreko legegintzaldian izandako jarrera alde batera utzi, epaileen erabakia bete eta justua izateko» eskatu zion.