J.L.
PILOTA

Ikusmin handia piztu du Bilbao eta Ospitalen arteko kanporaketak

Berezkoen Buruz Burukoan, final-laurdenetako azkeneko jardunaldia jokatuko da Donibane Garaziko Garatenean. 16.00etan hasiko da jaialdia, eta txapelketako partidan Bilbao eta Ospital neurtuko dira. 

Ikusmin handia piztu duen norgehiagoka da hau, behetik gora abiada bizian etorri diren bi gazte horietakoak direlako gaurko bi protagonistak. Bietan Bilbaok eskarmentu handiagoa du, adinez ere oso gaztea izan arren, bi urte zaharragoa baita.

Ospital da trinketeko esku pilota profesionalean ari den gazteena, 21 urterekin, eta jadanik bidea eginda iritsi da final-laurden hauetara. Bi hauek, Ducassorekin eta Larralderekin batera, datozen urteetan nagusi ibiliko diren pilotariak dira, eta maila hori erakusteko aukera izango dute gaur.

Zaleentzat eskarmentuak zerikusi handia izaten du, eta horregatik izango da dirua Bilbaoren alde. Hala ere, Ospitalen garaipen bat ere ez litzateke ustekabe handia izango.

Waltarik eta Lanbertek ere gaur jokatu behar zuten, leku berean, final-laurdenetako partida, baina lapurtarra min hartuta dago, eta uko egin behar izan dio txapelketa honi. Hala, Kubakoak jokatu beharrik gabe egin du finalerdietarako bidea. Waltari, gainera, Nafarroa Behereko hiriburuan izango da gaur, txapelketaren aurreko norgehiagoka jokatuko baitu Elgarten aurka.

Amateurren finala

Etxegaraik eta Gixandutek irabazi zuten atzo Baionan amateurren Binakako Txapelketako finala, azkeneko neurketan Tellier anaiei 40-25 gailendu ostean. Txapela jantzi zuen bikotea jaun eta jabe izan zen.