Mugimendua
Kurdistango emazte borrokalarien argazkiak ikusten ditudalarik sentimendu asko eta beste horrenbeste gogoeta heldu zaizkit gogora. Miresmena, amore ematen ez duen herri honen duintasun eta heldutasun politikoagatik. Askok Kataluniara begiratzen dugu, urrats asko egin direlako bertan; Korsika aldera ere bai, Parlamentuko giderrak hartu dituztelako. Heldutasun altu batera iritsi dira, beren geroaz ardura hartzeko gaitasuna eta nahikeria nabarmen erakusten dutelako. Dena, orain behintzat, era baketsuan. Politika, ona edo txarra, non gauden, baina politika eta hitza, akordio, negoziazio bidez.
Kurdistan beste zerbait da. Sakrifizioa ikusten da irribarre handia erakusten duten emazte borrokalari horien baitan. Emazte horiek beren herria eramaten dute aitzina, familiak sortzen, gizarteko arlo guztietan eraginez, lan eginez, kantuz, olerkiak sortuz... eta armak hartuz. Ez dute botere handirik lortuko, ez dira lehen lerro politikoetan askotan ikusiko, beren herria dute helburu. Alderdi politiko azkarrak dituzte, baina bereziki herria dute helburu, beren herrian libre bizitzeko proiektua. Hori da haiena izanen den irabazia, besterik ez. Beren herria libre utzi nahi diote ondoko belaunaldiari, haurrik ez badute ere.
Mundua birpentsatzen ari dira, guretzat ere. Gure munduan segurtasuna eta ongizatea baizik ez baitugu babestu nahi. Hori da sondeoetan eta hauteskundeetan irakurtzen dena. Ba al da lekurik beste zerbaitentzat, Europako herrietan heldu diren etorkinen aurrean beldurra soilik sentitzen delarik?
Biziraupenerako Kurdistango emazteak martxan jarri dira, bakoitzak bere kokapena hartuz, bakoitzaren ekintza garrantzitsua baita independentziarako bidean. Martxan jarri dira, borroka horrek mugimendua behar baitu. Horrela, mundua birpentsatzen ari dira. Gu ere martxan jarri behar gara, independentziarako bidea hartu, gure kokapena hautatuz. Hau baita gure helburua, belaunaldi berriei utzi nahi dieguna, herri librea! Mugimenduak ekarriko du munduaren aldaketa, ez aitzinetik erabakitako lerroek.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
