GARA
BILBO

Innobasque eta Orkestrak berrikuntza politiken eragina ebaluatuko dute

Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, EAEko lehiakortasun eta berrikuntza politikak eta horiek euskal ekonomian duten eragina elkarrekin ebaluatzeko helburuarekin.

Mari Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusiak eta Txema Villate Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo.

Akordio horri esker, bi erakundeek zientzia, teknologia eta berrikuntza arloko politika publikoen eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren ebaluazio sistematikoa egitea espero da, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko (ZTBP) helburuen baitan.

Innobasquek eta Orkestrak elkarrekin egingo dute lan ebaluatzeko metodologiak sustatzeko eta ezartzeko, eragin handiagoko politikak sortzeko helburuarekin. Lankidetzaren xedea izango da herri administrazioari laguntzea Berrikuntzako Euskal Sistemaren behar nagusiak identifikatzen, ZTBPak zehaztutako helburuak aintzat hartuta.

Ildo horretatik, Innobasquek politikak, programak eta tresnak ebaluatzearen inguruan duen jakitea eskainiko du, ZTBPa diseinatzen eta ezartzen eskuratutako esperientzia oinarri hartuta, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzeko prozesuari egindako ekarpena ere.

Orkestrak, aldiz, lurralde estrategiak, espezializazio adimenduneko estrategiak eta eskualdeko lehiakortasunari eta berrikuntzari laguntzera bideratutako politikak eta tresnak ebaluatzen bildua duen esperientzia partekatuko du.