Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Leire

Orain dela urte asko gertatu zen. Eibarreko institutuan ipuin saioa egin behar nuela eta, Leirek, egiten ari zen tesiarentzat, saioaren grabaketa egiteko baimena eskatu zidan. Tesia ipuin kontaketaren gainean zen eta kuriositatea piztu zidan. Jakin-min hori handituz joan zen urteekin eta, batez ere, Leirek apurka-apurka bere ikerketaren nondik norakoak azaltzen zizkidan heinean.

Bide horretan, gauza interesgarriak eta nire kontalari ibilbidean garrantzitsuak izan direnak irakatsi zizkidan; esaterako, ipuina eta kontaketa bera bereiztea, alegia ipuinaz gain kontaketaren diskurtsoan beste hainbat osagarri dagoela. Horrek lagundu dit kontaketa ikuskariak beste modu batez ikustea. Eta horrekin batera beste asko... Urteak pasatu dira eta, azkenean, Leirek tesiaren defentsa egin zuen: “Jendaurreko konta-saioa: gertakari sozio-diskurtsiboa eta testu-genero berezitua”. Lan bikaina eta kontalaritza garaikidea ulertzeko zutabe sendoak jartzen dituena. Ikerketan parte hartutako kontalari batzuk bertan ginen eta ados ginen halako lan bat gure ofizioak behar duen errekonozimenduan urrats bat dela.

Kontalaritzak praktika eta teoria behar ditu uztartu aurrera egiteko, eboluzionatzeko. Tesi honek bide zabal eta arrunt interesgarria zabaltzen du. Egilea Leire Diaz de Gereñu dugu. Eta gure laguna da.