Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Lehiaketa

World Surf League zirkuituak: Modalitate desberdinen batura

WSL erakundeak antolatzen dituen mundu mailako zirkuitu desberdinak indarrean dira. Batzuk pasa den urtean hasi ziren, olatu handien itzuliak kasu. Junior eta QS mailako txapelketak urtarrilean abiatu ziren eta lehen mailako CT zirkuitua martxoan hasiko da.

Urte berria hastearekin, mundu mailako txapelketa eta zirkuituei dagokienez, erronka berriak izango dira. Modalitate eta kategoria bakoitzak bere berezitasunak ditu. Hona hemen indarrean diren mundu mailako zirkuituen laburpen txiki bat.

Orain gutxi arte mundu mailako zirkuitu desberdinak bereizita zeuden surf modalitate desberdinetan, baina pixkanaka guztiak, edo gutxienez garrantzitsuenak, biltzeko gai izan da WSL erakundea, eta egun mundu mailako surf zirkuitu garrantzitsuenak kudeatzen ditu.

World Surl League erakundeak antolatzen dituen zirkuituen artean hiru dira nagusiak. Batetik BWWT (Big Wave World Tour) delakoa dago, alegia, olatu handien munduko surf itzulia litzatekeena. Bestetik, XXL izendapenak daude, urteko olatu handien irudiak sailkatzen dituena, eta azkenik, WSLko ohiko surf zirkuituak daude.

Big Wave World Tour

Olatu handietako txapelketak aspalditik egin izan dira, baina mundu mailako olatu handien itzulia 2009. urtean hasi ziren egiten eta ordutik sekulako sona izan dute itzuliko txapelketek. 2014. urtean, BWWT itzulia antolatzen zuen elkarteak WSL erakundearekin bat egin zuen, eta ordutik, oraindik eta indar handiagoa hartu du olatu handien munduko itzuliak.

Bi dira azken urteetan zirkuitu honi indarra eman dioten berrikuntzak: batetik, zirkuituan urautsi berriak atxikitzea, Galea Puntako txapelketa kasu; eta bestetik, egiten diren txapelketak streaming bidez igortzea. Honi esker orain artean ia ezezagunak ziren olatu handietako surflariak gero eta ezagunagoak dira mundu osoan zehar.

Itzulia bi sasoitan banatzen da: hego hemisferioko txapelketen sasoia dago batetik, apirilean hasi eta abuztura bitartean luzatzen dena; eta bigarren sasoia, ipar hemisferioko txapelketei dagokiona, urriaren 15ean hasi eta otsailaren 28an amaitzen dena. Beraz, urteroko itzulia bitan banatua denez, bi urte hartzen ditu zirkuitu bakoitzak, baina itzulia bakarra da.

Aurtengo itzulia esaterako, 2015/2016 denboraldiari dagokiona, otsail amaieran bukatuko da. Hau da, oraindik ez da amaitu; beraz, Galea Puntako txa pelketa egiteko aukera oraindik indarrean da. 2016/2017 denboraldia berriz, urtero lez, apirilean hasiko da, hego hemisferioko txapelketekin.

Big Wave World Tour (BWWT) olatu handietako itzulia berezia da. Txapelketak egiteko gutxieneko baldintza batzuk behar dira eta zaila izaten da horiek betetzea. Olatuak gutxienez zazpi metrokoak izan behar dira, eta munduan leku gutxi daude halako itsaskiak maiz izaten dituztenak; beraz, hautatutako lekuak bereziak dira.

24 surflari lehiatzen dira txapelketa bakoitzean. Txandak 45 minutukoak izaten dira, eta lehenik, sei kideko lau txanda egiten dituzte. Txanda bakoitzetik hiru lehiakidek lortzen dute hurrengo txandarako pasea; beraz, lehen txanda gainditzen duen lehiakidea zuzenean finalerdietara joaten da, eta azkenik, finalean sei dira norgehiagokan aritzen diren lehiakideak.

Halako txapelketetan ezin du edonork parte hartu; batzuek aurrez lortutako merituengatik dute postu finkoa, eta beste batzuek gonbidatuak izan direlako. Orain bi urtez geroztik gainera, CT itzulian lehiatzen diren surflariek ere parte hartzeko aukera dute, eta horrela, Kelly Slater bezalako surflari ezagunak ere olatu handiak hartzen ikus ditzakegu. Todos Santoseko urautsian egin berri duten azken txapelketa, esaterako, Josh Kerr lehiakide profesionalak irabazi du.

 

Big Wave Awards

XXL izendapenak bezala ezagunagoa den lehiaketa mota hau bi itzulik osatzen dute. Epaileek jasotako ehunka irudi sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute. Finalerako hautagaiak Los Angelesen maiatzean egiten den luxuzko ekitaldira gonbidatzen dituzte eta han bertan jakinarazten dituzte irabazleen izenak.

Lehen aldiz 2000. urtean hasi ziren mundu guztian zehar hartutako olatu handietako irudiak saritzen. Hasiera batean Billabong surf markak antolatutako ekimen pribatu bat zen, baina egun lehiaketa hau ere WSL erakundearen baitan aurkitzen da.

Urte sasoia martxoan hasten da, udaberriarekin batera, hilaren 20an irekitzen da irudiak bildu eta igortzeko epea, eta hurrengo urteko martxoaren 20an amaitzen da. Horiek horrela, maiatzean AEBetan egiten den ekitaldian aurreko hamabi hilabeteetan mundu zabalean hartu diren olatu handienak saritzen dira eta sari-banaketa ekitaldietan aurkezpen lanak pertsonaia famatuek egin ohi dituzte.

Zazpi kategoria nagusiak honakoak dira: urteko surflaria, arraun eginaz hartutako olatua, olaturik garaiena, tubo handiena, erorketa ikusgarriena, errendimendu onena izan duen mutila eta errendimendu onena izan duen emakumea. Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute eta hori sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da.

Azken urteetan Portugalgo Nazare urautsian hartutako irudiak izan dira sari nagusiak jaso dituztenak, baina aurtengoan urautsi faboritoa Pe'ahi da; izan ere, azken bi hilabeteetan Hawaiiko Maui uhartean itzelezko itsaskiak izan dira eta orain arteko marra gorri guztiak gainditu dira.

Euskal Herrian hartutako irudiak ere lehian dira aurten, batez ere arraun eginda hartutako olatuen kategorian. Euskal Herrian edo atzerrian hartutako irudiak aurkeztu dituzten bertako surflariak aurkez daitezke lehiaketa honetara, baina gurean atzerritarrek hartutako irudiak ere aurkeztu izan dira.

Edonola ere, ez da batere erraza lehen itzulia pasatzea, arraunketa kategorian esaterako, hirurehun iruditik gora baitaude, baina Izustarri edo Galea Puntan hartutako irudiak mundu mailako urautsien zerrendan egoteak agerian uzten du gure kostaldean olatu handiak hartzeko dagoen potentziala.

WSL zirkuituak

Aipatu olatu handien itzuli bereziak alde batera utzita, ohiko surf txapelketekin osatutako zirkuitu mundial nagusiak ere antolatzen ditu WSL erakundeak. Zirkuitu hauek urtarrila eta eta abendua bitartean egiten dira eta txapelketa formatua ohikoa izaten da.

Mundu mailako lau zirkuitu nagusi bereiz daitezke: Longboard zirkuitua, Junior zirkuitua (20 urte arte), QS zirkuitua eta CT zirkuitua. Azken bi hauek kategoria irekiak dira, edozein adinetako lehiakideek parte hartu ahal dezakete, baina nesken zein mutilen zirkuituak bereiziak dira, ez dute Junior kategorian bezala bi zirkuituek bat egiten, ez lekuei dagokienez ez datei dagokienez.

Longboard eta Junior kategorietan mundu mailako zirkuituez gain, herrialde edo kontinente desberdinetan ere aparteko itzuliak egiten dituzte. Gaztetxoenen kasuan ordea, txapelketen egutegia herrialde bakoitzeko eskola oporren egutegiaren arabera antolatzen da.

QS eta CT zirkuituak ostera, mundu mailako bi itzuli esanguratsuenak dira, lehiakide, ikusle eta babesle gehien mugitzen duten itzuliak baitira. Garai batean World Championship Tour edo WCT bezala ezagutzen zena, egun CT bezala ezagutzen da eta mundu mailan den lehiaketa gorena da. Soilik 34 lehiakidez osatutako itzulia da.

Qualifying Series zirkuitua berriz, bigarren mailako itzulia dela esan daiteke, bertan lehiatzen diren surflarien helburu nagusia CT-ko 34 plazetako bat lortzea baita. Puntako itzulian lehiatu ahal izateko bitarteko itzulia da, eta beraz, lehia oso gogorra izaten da.

Aurtengo zirkuituak abian dira aipatu kategorietan, lehen mailakoa ezik. CT itzulia, urtero lez Australian hasiko da, Gold Coasteko Snapers eskuin olatu famatuan, martxoaren 10ean, eta horren ostean, guztira hamaika txapelketa egingo dira abendua bitartean munduko leku desberdinetan.