GARA
GASTEIZ

IRPHagatik kobraturiko interesak itzultzeko eskatu du Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak, EH Bildu, PSE eta UPyDren aldeko botoekin eta EAJ eta PPren abstentzioekin, IRPH interes-tasa «abusuzkotzat» jo eta kobraturiko interes guztiak itzultzeko eskatu die bankuei. Aho batez, hori indargabetzeko ere eskatu du.

Atzo Gasteizko Legebiltzarrean onartu zen testua IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak proposatu zuen, bere ordezkari Jose Mari Erauskinek iragan urtearen amaieran ganberan egin zuen agerraldian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformen babesa du.

Hala, UPyD taldearen proposamenez, eta EH Bildu eta PSEren aldeko boto eta EAJ eta PPren abstentzioekin, Gasteizko Legebiltzarrak legez besteko proposamen batean honakoa onartu zuen: «IRPH interes-tipoa opakoa da, bankuek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat eta abususkotzat jo beharrekoa».

Interes-tasa hori aplikatu duten edo aplikatzen jarraitzen duten bankuei horren erabilera «berehala utz dezatela» ere eskatzen die. Horrez gain, kontsumitzaileei indize horren pean kobratutako interes guztiak itzul diezazkietela eskatzen die bankuei, baita «IRPHren edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere.

Aho batez onartutako puntuen artean, Estatuko agintari eskudunei eskatzen zaie «IRPHaren berehala indargabetzea» eta Lakuari «abian jar ditzala eskura dituen bitarteko guztiak, Kontsumobide Kontsumo Institutua barne, indize honek kaltetutako pertsona guztiak defendatzeko».

«Pauso historikoa»

IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformen ordezkari talde bat Legebiltzarrean izan zen atzo, saioa ikusten. Prentsa ohar batean adierazi zutenez, oso balorazio positiboa egiten dute, IRPHaren aurkako borrokan «mugarri oso garrantzitsua» eta «pauso historikoa» delako.

Ekimena nola gauzatzen den «gertutik zainduko du» orain plataformak, eta eskaera Estatu espainolari eta Europako agintaritzei eta bankuei helarazten zaiela egiaztatuko du. Hala ere, EAJ eta PPk testua bere osotasunean babesteko «ausardiarik erakutsi ez izana tamalgarritzat» jotzen duela eman zuen aditzera.