Zinemaldia.Cat hasiko da gaur Bartzelonan
Zinemaldia.Cat Kataluniako Euskal Zinemaldiaren hamaikagarren edizioa gauzatuko da gaurtik otsailaren 26ra bitartean, eta, sail ofizialez gain (fikzioa eta dokumentala), ekitaldi paralelo ugari proposatuko ditu, Bartzelonako Euskal Etxeak jakinarazi duenez.
Sail ofizialetan 12 film izango dira, gehienak estreinaldiak Katalunian, eta kasu batzuetan, Donostiako Zinemaldian soilik ikusi ahal izan direnak. Horiek guztiak Bartzelonako Cinemes Girona zinema aretoetan ikusi ahal izango dira. “Amama”, “Un otoño sin Berlín”, “Nola?” eta “Gure sorlekuaren bila” dira ikusiko diren lanetako batzuk.
Bartzelonako Euskal Etxearen apustua zinema aretoetatik harago eramatea ere bada, eta publiko katalanari «altxor txikiak helaraztea». Horrela, aurten Alter Zinemaldia errepikatuko da, 26 euskal zuzendarik egindako taldekako film bat eskainiz (“Euskal Harriaren ABDak”), euskaraz egindako bideo lehiaketa, eta zinema ibilbide bat Bartzelonan zehar “Fotogramas” aldizkariko erredakzioburu den Pere Vallen eskutik.
Gainera, urtero bezala, Kimuak film laburren emanaldia ere izango da, eta, azkenik, etxeko txikienek ere zinemarekin gozatu ahal izango dute jaialdiaren haurrentzako txokoarekin, Txo! atalarekin.
«Gure helburuetako bat kultura denen eskura jartzea da, elkartearen urteko programazioan ikus daitekeen modura, eta Zinemaldia.Cat ez da salbuespena izango. Emanaldien salneurria 4,5 eurokoa izango da, eta Euskal Etxeko bazkideek deskontua izango dute (3 euro), baita bestelako sektore eta kolektiboek ere (3 euro), eta mota ezberdinetako abonamenduak ere izango dira», azaldu du Euskal Etxeak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
