GARA
IRUÑEA

Abian da Irriziklo, Iruñeko euskarazko umore zikloa

Umoreak euskaraz ere badakiela ekarriko digu gogora beste behin Irriziklok, Iruñeko euskarazko umore zikloak. Aste honetan abiatu eta martxoaren hastapenera bitartean, doako ikuskizunak eskainiko ditu Nafarroako Antzerki Eskolan eta Iturramako Civivox aretoan.

Nafarroako Antzerki Eskolak eta Iturramako Civivox aretoak hartuko dute Irriziklo Zortzi, Iruñeko euskarazko umore zikloaren zortzigarren edizioa. Egitaraua aste honetan abiatu da jada eta hurrengo hitzordua Atea taldearen “Ekoetikopatetikobikoa” izango da. Anabel Arraiza eta Jabi Rodil aktoreak Biki eta Viktor izango dira, elkarbizitza tirabiratsua daramaten bi pisukide. Viktor etxebizitzaren jabea da eta Bikik nahiko lan izaten du hileko alokairua ordaintzeko.

Otsailaren 10ean Ramon Agirre eta Inazio Tolosak “Putinen guardasola” lana emango dute Iturramako Civivox aretoan. Ray eta Nik euskaldun guztiak batuko dituen himnoaren bila abiatuko dira oraingoan eta, denen adostasuna lortu eta euskal ereserki berria konposatzeko, “Metodo mistoa” asmatuko dute. Hau da ordaindu beharreko ikuskizun bakarra eta sarrerak eskuragarri daude, 6 euroren truke, Civivox aretoan bertan eta Interneteko www.pamplona.eus helbidean.

Sesio hirukoitza

Asteazkena, otsailak 17, sesio hirukoitzarekin dator. Birjiñe Albirak “Bai horixe!” oholtzaratuko du. Bertan, itxuraz ondo abiatu den eguna xehetasun baten ondorioz nola alda daitekeen azalduko du, ikusleei ikuspuntua aldatzeko gonbita luzatuz. Bere aldetik, Aitor Txarterina Baltzizkueta aktoreak “Munduaren azken 10.080 minutuak bakarrizketa batean bilduak, umore beltzaz zipriztinduta” lana aurkeztuko du. Errealitateari zukua umorearen bidez aterako dio. Eta, azkenik, Reyes Ilintxeta eta Txari Eletak “Irratiaren istorioak II” lana ekarriko dute. Euskalerria Irratian urte luzez esatari jardunean bildutako istorioen bilduma da.

Otsailaren 24an, “Erdaldunberrien kluba” eskainiko du Olatz Pagaldaik. Idoia Etxeberriaren gidoia landuta, antzezlea Irantzuren larruan sartuko da: bera partaide den erdaldunberrien klubak ez du partaide askorik, erdaldunberri gehienek ez dakitelako erdaldunberri direla. Hizkuntza transmisioaren auzia lantzeaz gain, genero rolen gaineko gogoeta ere eskainiko du.

Eta, azkenik, martxoaren 2an Giltxitxarro taldearen “Adarretatik zintzilik” lanak itxiko du zikloa. Galder Perez eta Ane Zabala 1975ean jaiotako bi protagonisten paperean sartuko dira. Berrogei urte bete berri dituzte eta krisian sartuko dira, eurengandik espero zena bete ez eta “adarretatik zintzilik” daudenaren sentipena izango baitute.