Jon LEUNDA
PILOTA

Larraldek berriro ere mendean hartu du Ducassou

Superprestige txapelketako finalean gertatu bezalaxe, dirua 100-45 atera da Ducassouren alde, baina Larraldek errazirabazi du Berezkoen Buruz Buruko txapela.

Orain dela hilabete eta erdi Superprestige txapelketako finalean gertatu bezala, Berezkoen Buruz Buruko finala ere Peio Larraldek irabazi dio Battitte Ducassouri, oraingoan, 40 eta 22, 53 minutu pilota astintzen aritu ostean.

Pilota zaleek diru asko galdu dute denbora gutxian Battitte Ducasourekin. Superprestige txapelketako finalean dirua oso nabarmen zegoen bere alde, eta hura galduta ere, zaleek beregan itxaropen osoa zuten atzoko finalerako, eta dirua 100-45 atera zen Ducassouren alde. Baina atzokoan ere huts egin zuten.

Hiru egun lehenagotik agortuta zeuden atzoko finala ikusteko sarrera guztiak, eta zaleak partida handia ikusiko zutelakoan joan ziren Baionako Modernera, baina ez zen horrelakorik izan, bietako inork ez baitzuen partida handia egin. Hori bai, bietan ongien, gazteena, Peio Larralde, aritu zen, eta berak jantzi zuen txapela.

Larraldek hasieratik bukaerara agindu zuen atzoko finalean. Lehen kintzetik jarri zen aurretik, eta Ducassouri ez zion utzi ezta gerturatzen ere. Zuloa oso azkar egin zuen, eta horrek gero txapela jantzi zuen pilotariari indarra eman baldin bazion, Ducassou erabat ahuldu zuen.

Faboritoak huts asko egin zituen, pilota erraz asko utzi zizkion Larralderi, eta berak ez zuen barkatu, aurrean geratutakoan kintzea erraz finitzen baitu. Peio Larralde artista handia da tantoa egiterakoan, eta erraztasunak baditu, akabo, aurkariak ez dauka zer eginik.

Hori bai, bietako inork ez zuen joko ikusgarririk egin. Sakearekin biek egin zituzten kintze asko, baina norberaren meritua baino aurkariaren hutsak gehiago izan ziren. Larraldek hamahiru kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta lau gutxiago Ducassouk. Baina horietako asko itzultzeko modukoak izan ziren, biak aritu baitziren kaskar errestoan. Bakoitzak falta bana ere egin zuen. 

 

Ezustea

Jokoan, 22 kintze egin zituen Larraldek, eta galdu, berriz, lau. Battite Ducassouk, aldiz, bederatzi kintze besterik ez zituen egin, eta bost galdu. Atzoko finaleko markagailua honela mugitu zen: 4-0, 9-3, 16-4, 21-12, 25-17, 28-20, 30-21, 36-22 eta 40-22.

Partidaren amaieran bi pilotariek iritzi oso ezberdinak zituzten. «Buruz Buruko txapela lortzea handia da, lortu dudan garaipenik handiena. Hasieratik aurkitu naiz gustura kantxan eta berehala aldea lortzeak konfiantza handia eman dit. Uste dut Ducassouk azkar etsi duela. Berehala kendu diot abantaila, eta bera behera etorri dela uste dut», esan zuen txapeldunak.

Battitte Ducassou zen txapelduna atzora arte, bera zen irabazteko faborito nagusia, baina txapelak ihes egin zion. «Ez dut batere partida ona egin. Markagailuan oso azkar egin dit ihes, eta horrek sekulako konfiantza eman dio, eta niri, berriz, markagailuaren aurka aritzeak kalte handia egin dit. Ez dut ongi jokatu, eta uste dut ongi merezita irabazi duela txapela», esan zuen Ducassouk. Orain berehala hasiko da Binakakoa.