Gurean bizi diren ehundik gora ama hizkuntzei omenaldia Donostian
Bihar Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna dela-eta, migratzaileek eta errefuxiatuek dakarten hizkuntza aniztasunari ongietorria emanen diete Donostia 2016k, Euskal Pen-ek eta Banaiz Bagara elkarteak. Mundua azaltzeko ehun era daude gurean.

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau berezia prestatu dute gaurko eta biharko Donostia 2016ren Gunean (Easo, 43). Azken urteotan egindako ikerketek erakutsi dutenez, Euskal Herrian ehun hizkuntza baino gehiago mintzatzen dira; hortaz, mundua ikusteko eta azaltzeko ehun eratik gora ditugu gure jendartean.
Donostia 2016k, Euskal Pen klubak eta Banaiz Bagara elkarteak gure artean elkarrekin bizi diren hizkuntza horiek omendu nahi dituzte, eta migratzaile eta errefuxiatuek ekarritako hizkuntza aberastasuna aintzat hartu.
«Ongi etorri»
“Ongi etorri” leloarekin egingo dituzte asteburuko ekitaldiak; gerra eta zapalkuntza egoeretatik ihesi, bizimodu hobe baten bila datozen lagunei “ongi etorri” erran nahi dietelako eta, halaber, «kontinenteko aniztasuna ere ospatu».
Gaur goizean Mediterraneoaren beste aldetik Europara iritsitako bi kide hartuko dituzte 2016 Gunean, Kaissa Ould Braham Aljeriako kabiliar amaziga eta Rhodi Mellek Siriako kurdua. Kazetariak, itzultzaileak eta bestelako lan ugari egindakoak dira biak. Herrialde Katalanetan eta Belgikan bizi dira gaur egun.
Euren herrien eta hizkuntzen egoeraz eta erbesteratuek topatzen dutenaz mintzatuko dira, Karlos Zurutuza kazetaria lagun, “Migrazioak, errefuxiatuak eta hizkuntza aniztasuna” izenburuko mahai-inguruan, 11.00etan.
Arratsaldean, “Ehun ama hizkuntza eta Euskal Herri bat” solasaldian batuko dira Itziar Idiazabal Unesco Katedrako arduraduna eta Ainara Gorostizu kazetaria. Lehenak ama hizkuntzaren kontzeptuaz luze egin izan du gogoeta, gaur eta hemen nola ulertu behar den esplikatu ahal izateko. Bigarrenak, berriz, Euskal Herrian bizi diren etorkinekin hainbat lan egin ditu, besteak beste “Aldamenekoa” testigantza liburua.
Hizkuntza, kooperazioan
Iluntzean, 19.30ean, Garabide elkartearen “Beltzean mintzo” dokumentala emango dute. Kooperazio alorrean hizkuntzaren garrantzia kontuan hartuz lanean ari da Garabide eta horren emaitza da filma.
Musikarako tartea ere izango da. SUNS hizkuntza gutxituen jaialdiko Martina Iori kantari ladinoak eta Hesian taldeko Zuriñe eta Franek elkarrekin eskainiko dute ikuskizuna, 22.00etatik aurrera. Ladinera Italiako Dolomitetan 50.000 lagunek erabiltzen duten hizkuntza erromanikoa da.
Eta igandean, kantu gehiago. Irakurraldi musikatu batekin esnatuko da eguna Donostia 2016 Gunean. Kaissa Ould Braham Aljeriako kabiliar amaziga etorriko da berriz, Itxaro Bordarekin eta Lutxo Egiarekin batera irakurtzera, Asier Serranoren gitarraz lagunduta. 11.00etan da hitzordua.
Objektu, testu eta pasarteak
Egitaraua biribiltzeko, mundu osotik etorritako lagunek hartuko dute hitza eta doinua. Eguerdian hasiko da Banaiga Band - The Rolling Immigrants taldearen emanaldia. Euskarazko eta munduko kantuen bidez, gurekin bizi diren euskal herritar berriak ezagutzeko aukera izango da.
Objektu, testu eta pasarteak baliatuko dituzte nondik datozen, zerk ekarri dituen eta zer aurkitu duten kontatzeko.
Ama hizkuntzari egun berezia emateak 1952ko otsailaren 21ean du jatorria. Pakistango Gobernuaren aurkako protestak izan ziren Bengalan (egun Bangladesh) urdua hizkuntza ofizial bakar izendatu zuelako bengaleraren kaltetan. Ikasle talde bat hil zuten errepresio bortitzaz eta beraiei eskainia da eguna.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
