A. G.
DOMINION BILBAO BASKET

Kanaria Handia bera ere ezustean hartzeko prest

ACB Ligan garaile izan ziren Aito Garcia Renesesenak. «Gogorrago ekingo diogu», dio Todorovicek.

«Ekaitz perfektua» izan ei zen Kopako aurreneko jardunaldia, hainbat hedabideren arabera, ezustean Bilbao Basket eta Kanaria Handia Bartzelona eta Valentzia Basketi gailendu ostean. Koparen historian aurrenekoz, finalista beltzez edo horiz jantzita azalduko da, eta pronostikoen arabera, Kanaria Handiari dagokio finalean sartzeko ohorea.

«Badakigu beraiek direla faborito, baina ikusi zen Bartzelonaren aurka: partida bakarrera zernahi jazo liteke», ohartarazi zuen Mumbruk atzoko prentsaurrekoan.

Joan den igandean Kanaria Handiak 91-85 irabazi zion talde bilbotarrari. Kanariarren gaitasun fisikoak gain hartu zien bizkaitarrei azken minutuetan, eta ez zen nahikoa izan Hannah eta Bogrisen lan bikaina. Okerragoa izan zen Bilbo Arenako partidako emaitza. Orduko hartan, Aito Garcia Reneses entrenatzailearen mutilek sekulako egurra eman zioten Bilbao Basketi: 59-85. Kevin Pangos eta Albert Oliver antolatzaileen artean txiki-txiki egin zuten bilbotarren jokoa. Laugarren laurdenean 10-28ko partziala lortu zuten kanariarrek. Defentsan gogor eta errebotean nagusi, argi guztiak erabat itzali zitzaizkien Sito Alonsorenei.

«ACB Ligan aitzakiarik gabe irabazi ziguten; hala Miribillan nola Gran Canaria Arenan», onartu zuen Dejan Todorovicek. «Baina finalerdietarako prestatuago egongo gara eta gogorrago jokatuko dugu», gaineratu zuen, bide batez, hegaleko serbiarrak.

Fisikoa eta aurrekari bakarra

Sito Alonsok bere maisu Aito Garcia Renesesen aurka jokatu du beste behin. «Berezko estiloa dauka; jokalarien gaitasun fisikoari oso atxikia. Fisikoki neurria ematen ez dutenean, Aito bera ere ez da gustura sentitzen», azaldu zuen Aragoiko entrenatzaileak.

«Kanaria Handia fisikoki bikain dago, eta guk, berriz, zenbait baja ditugu –Tobias Borg eta Mirza Begic, hain zuzen–. Postu bakoitzean bi jokalari on ditu Aitok bere esku eta horrek faborito bihurtzen du», ondorioztatu zuen Sito Alonsok.

«Kanaria Handiaren aurkako azken partidan 30 minutu on egin genituen. Finalerdietan, berriz, gehiago egin beharko dugu, batez ere norbanakoen defentsa lanean», azpimarratu zuen.

Elkarren aurka partida bakarra jokatu dute hauek biek: 2013ko Gasteizko ekitaldiko final-laurdenetan. Orduko hartan, Kanaria Handia nagusi izan zen: 74-62. Xavi Rey izan zen partida hartako izarra, 22 puntu eta 8 erreboterekin. Bilbotarrek ez zuten sekula ere kanporaketan aurrea hartzerik lortu eta hiruko jaurtiketetan ere oso eskas aritu ziren: 18 jaurti eta 4 sartuz bakarrik.