GARA
DONOSTIA

Bi igogailuk lotuko dituzte Aiete pasealekua eta Morlans

Donostiako Aiete eta Morlans auzoak lotzeko mugikortasun bertikalaren proiektua aurkeztu zuten atzo Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eta Eneko Goia alkateak. Adierazi zutenez, bi igogailu jarriko dira eta, lehengo proiektuarekin alderatuta, «irisgarritasuna erabat bermatuta» egongo dela eta «begi inpaktua txikiagoa» izango dela erantsi zuten.

Aurreko proiektuak Morlansen igogailu bertikala jartzea aurreikusten zuen, eta proiektu berriak, ordea, igogailu inklinatua jartzea aurreikusten du. Izostegi pasealekuko biaduktuaren azpialdean hasiko da, hau da, Morlansen, eta Lazkano plazaraino, Melodi bezala ezagutzen den biribilguneraino, joango da.

Bigarren igogailua bertikala izango da, hamar metroko altuera izango du eta Pio Baroja eta Aiete pasealekuak lotuko ditu, etorkizuneko osasun etxearen ondoan. Horrenbestez, Aiete auzoak Morlansekin eta gune horren inguruan dauden hainbat zerbitzurekin lotura izango du, Udalak atzo azaldu zuenez.