GARA
BARTZELONA

«Gauzen interneta» protagonista izan da Bartzelonako MWC azokan

Eguneroko gailuen elkarren arteko interkonexioa da «gauzen interneta». Mobile World Congress biltzarra telefono mugikorren inguruko teknologiari buruzkoa bada ere, gero eta aurrerapen berri gehiago ikusten dira produktu nagusiaren gainetik gailentzen direnak.

Mobile World Congress azokak ateak itxi zituen atzo balantze positiboa eginez. Aurten parte hartu duten enpresak kontuan hartuta ikusi dute telefono mugikorrek baino, bestelako teknologiak izan direla protagonista, nahiz eta telefonia marka askok euren gailu berriak bertan aurkeztu dituzten. Baliteke telefonoa gure egunerokotasunean hain txertatuta egotea, ezen jendeak nahiago duen bestelako gauzak ikustea eta haiekin harritzea.

2016ko MWC biltzarrean «gauzen internetak» izan du arrakasta gehien, alegia, eguneroko gailu eta produktuen elkarren arteko interkonexioa ahalbidetzen duten gailuek duten teknologia. Adibidez, Oral B-k hortzak garbitzeko gailu inteligente bat asmatu du. Telefonora konektatu ostean, Genius hortzetakoak ahoan egin behar duen ibilbidea, denbora eta eskuilatuaren indarra kontrolatzen ditu. Era berean, erabiltzaileari ahoa nola garbitu behar duen irakasten dio.

Ôia aparatua teknologia maite dutenak liluratuko dituen kapritxo bat da. Gainean edalontzi edo botila bat duen oinarri bat da eta erabiltzaileak egunean zehar edaten duen ura kontrolatzeko gai da. Argien bitartez, gainera, hidratazio egokia lortzen lagunduko dio.

Era berean, gauzen internetaren kontzeptuarekin bat egiten duen beste asmakizun bat Oombrella aterkia da. Gainean eramanez gero, erabiltzaileari abisua emango dio euria egin behar duenean.

Telefonoak ere bai

Telefono mugikorren enpresak nagusitzen dira oraindik azokan, baina aipatutako asmakizunak konpetentzia handia dira. Publikoaren arreta erakartzeko bideak bilatu behar dituzte nahi eta nahi ez. Hisense enpresa txinatarrak King Kong II telefonoa aurkeztu zuen Bartzelonan, eta honen ezaugarri nagusia duen erresistentzia izanik, jendeak frogatzeko aukera izan zuen. Hala, nahi zuenak altuera batetik behera telefonoa bota zezakeen ikusteko ez dela apurtzen.

Telefonoak beste pertsona batzuei deitzeko sortuak izan ziren, baina gaur egun funtzio hori ez da bakarra, beste gauza asko ere egin daitezke gailuokin, eta ez edonolakoak. Esate baterako, Cat S60 ere telefono gogor bat da, gainera, bustitzen bada ez zaio ezer gertatzen. Eraikuntzako langileentzat edo mendizaleentzat aproposa da, kamera termiko bat ere baduelako. Sentsore bat duenez, iluntasunean puntu beroak aurkitzeko gai da sare elektrikorik edo animaliarik gertu dagoen jakiteko.

Halo, aldiz, eskumuturreko bat da. Keinu baten bidez erabiltzailearen lokalizazioa kontaktu bati bidaltzeko aukera ematen du, arrisku egoera batean egonez gero non dagoen ezagutzera emateko. Antzerako ideiarekin sortu dute Doro Liberto 825 smartphonea, adineko pertsonei zuzendutakoa.

Etorkizunera begira, grafenoa aipatu beharra dago. Material honekin aurrerakuntza ugari lortuko direla jakinik, pabiloi berria estreinatu dute aurtengo MWCaren edizioan. Bertan Kostya Novoselov izan zen, grafenoa garatzeagatik Nobel saria eskuratu zuena. Grafenoa suteen kontra erabil daiteke, medikuntza arloan, ekoizpen industrialerako eta telefono mugikor baten bateria bost minututan betetzeko, adibidez. Horrez gain, «gauzen interneta» hobetzeko ere balio lezake.