«Hitzekin jolastean zu jainkoa zara, edozer egin dezakezu; ez dituzu zazpi egun, bizitza osoa baizik»
Literaturaren eta kazetaritzaren artean bizi da Goizalde Landabaso (Deustua, 1970). Idaztea betidanik gustatu zaio, aldiz, kazetaritza jardunean ikasi du maitatzen. Denboraren joana eta horren eragina du gai nagusi «Babeserako kopia» lanak. Bakardadea oso presente dago. Tartean, inoiz argia ikusi gabeko poema erotikoak bildu ditu.

Kandinskyren erakusketa ikustetik dator Madriletik. Artistak Frank Marc margolari alemaniarrarekin gurutzatu zituen gutunak jasotzen dituen liburua besapean duela bueltatu da etxera. Eta bat egiten du Kandinskyrekin: kultura da salbatuko gaituen bakarra. Hala dio gutunetako batean abangoardiako maisuak eta Goizalde Landabasok ere ez du zalantzarik: «Gutun horietan Kandinskyk dio kultura dela gizartea kohesionatzeko bide bakarra. Eta egia da. Kulturak egingo gaitu aberats edo ez, suntsituko gaitu edo ez… eta jendea ez da konturatzen. Kultura turismorako atea edo folklorismoaren ikuspuntutik edo aisialditik ikusten dugu eta askoz gauza serioagoa eta sakonagoa da», nabarmendu du.
Mikroaren bestaldean dituen entzuleei bera kultur gaiekiko duen grina transmititzen saiatzen da. Eta lanetik kanpo literaturaren besoetan galtzen da, hark eskaintzen dion askatasun eremuan, libre. Irakurtzen zein idazten.
Azaletik bertatik eman digu arreta liburuak. Oso zaindua da, berezia da.
Denbora asko ematen dut prestatzen eta gustatzen zait liburua osoa izatea. Ahaleginak egiten ditut, azaletik hasita. Izan ere, batzuetan izenburutik eta azaletik sartzen dira liburuak. Ni oso tituluzalea naiz, liburu dendan gertatu izan zait tituluak erakartzea. Eta izugarrizko dezepzioak ere hartu izan ditut! Iñaki Mendizabal kazetariarena da azaleko argazkia. Barruan beste bat dago berea eta Olatz Rubiorenak ere badaude kapituluen hasieran.
Hiru ataletan banatu duzu liburua. Lehenengoan nia dago, bihotza. Hotza. Garenaren eta izan nahiko genukeenaren arteko gatazka islatu duzu.
Hori zen asmoa. Tokatu zaigun garai honetan ikusten dut maskara asko ditugula. Egoera desberdinetarako. Maskara bat lanerako, bestea lagunentzat, beste bat maitalearentzat edo bikotekidearentzat, beste bat gurasoentzat... Pertsona diferenteak gara. Nik sentitzen dut segun zeinekin nagoen nire pertsona desberdin bat... ez naiz beste bat, baina badago pertsona bat besteen gainetik gailentzen dena. Uste dut aberasgarria dela aurpegi diferenteak edukitzea. Halere, batzuetan zaila da jakitea benetan nor dagoen atzean, baita norberarentzat ere. Horra doana edo barruan geratzen dena, sekula ikusten ez dena. Uste dut adinean aurrera egin ahala hobeak garela maskarak ipintzen eta kentzen.
Edo adinari esker konturatu egiten gara horretaz...
Bai, hala da.
Harkaitz Canok oso ondo adierazten du sentipena liburuaren hitzaurrean: «Poetari deserosoa zaio bere azala, puskak lurret ik batzen hasita, arropa barik , bere gorputz atal barreiatuak jantzi beharko ditu goizero bere burua berrasmatzeko».
Bai, egia da. Ni ere ispiluaren aurrean batzuetan arrotz sentitzen naiz.
Bigarren zatia beroa da. Gorputza, erraiak... Orain arte argia ikusi gabeko poema erotikoak daude gainera.
Bai, beti lotsa eman dit kaleratzeak. Lehenengo zatia ez dakit hotza geratu den, agian gordina da, hirugarrena ere bai, eta oreka bat bilatu beharra ikusi nuen. Odola borborka jartzen digun gauzetako bat sexua da eta nolabaiteko lasaitasuna edo pausaldia ematen dio liburuari. Bada askoz “aireagoa”.
Nola osatu duzu liburua poema sorta hartatik?
Ia 200 poema neuzkan gordeta. Harkaitz Canori pasatu nizkion eta hark sekulako orrazketa lana egin zuen. Gero Iratxe Fresnedari, eta hark gauza bera egin zuen. Galbahea pasatu zidaten. Beti dira sugerentziak, gero norberak erabaki behar du horrekin zer egin. Batzuetan hori da zailena, zure lanaren aurrean jartzen zaituztenean. ‘Nik kenduko nuke baina zuk erabaki’.... Ama guztien moduan: ‘zuk ikusiko duzu’, esaten dizute. Erantzukizun osoarekin uzten zaituzte. Haria apurka-apurka egiten joan zen. Elkar argitaletxean beste bi pertsonak irakurri ostean 80 poema ingururekin geratu nintzen.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Asko gustatzen zait, Lego antzeko zerbait egitea da. Uste dut hor hasten dela eraikuntza. Ordura arte egindakoa momentuko taupadak dira, unean uneko sentsazioak, eta gero laborategian pipetekin eta hasten zara poema egiten. Poema guztiek ordu asko izaten dituzte atzean. Gero, egia da hoztasunetik hasten zarela begiratzen. Ja ez da zure sentsazioa edo pentsamendua. Muntatu eta eraiki behar duzun hitz multzoa da. Ez naiz oso zerebrala baina ikaragarri gustatzen zait. Egunak ematen ditut poema batekin... hau ez, hau bai... Berreskuratu, berridatzi, kendu, utzi... Denbora asko pasatzen dut, eta seguruena jarraitu egingo nuke poemak argitaratuko ez balira. Garcia Marquezek hala dio, momentu batean liburuak abandonatu egiten direla, inoiz ez direla amaitzen. Zuk muga jarri behar diozu. Eraikuntza horretan sortzen da haria eta liburua.
Alegia, askok uste baino ahalegin eta buruhauste gehiago ematen duela.
Bai, jendeak uste du norbera idazten jarri, zuzenketa bat egin eta besterik gabe liburua egiten duzula. Lan handia dago atzean, batez ere poemen kasuan. Izan ere, poema bakoitza istorio bat da, normalean ez du jarraipenik. Buelta-bueltaka egunak egon zaitezke... batzuetan irudia islatu nahi duzu eta ez duzu hitzik aurkitzen... Poema askorekin pasatu zait. Poema luzeak ziren, horrela atera zitzaizkidan, eta garbitzen eta kentzen hasi nintzen. Zaila da baina aldi berean oso polita, hitzekin jolasten hasten zara. Eta zu jainkoa zara. Nahi duzuna egin dezakezu. Ez dauzkazu zazpi egun, bizitza osoa baizik. Josten-josten, ona edo txarra, zerbait lortzen duzu. Horrek norbaitengan zerbait pizten badu, forma horren helburua bete da.
Ordenagailuan idazten dituzu?
Bai. Idazle batzuen eskuizkribuak ikusi ditut eta garbi&bs;-garbiak dira. Nik eskuz idatzita ere dena aldatzen dut, tatxatu... testu biziak dira-eta.
Denboraren iragana liburu osoan agertzen da. Izenburua bera ere, «Babeserako kopia», memoriaren galerari diogun beldurrari lotua dago.
Bai. Momentu batean bizitzan konturatzen zara denbora badoala. Ez da gauza kontzientea eta ez dago egun jakinik, baina gertatzen da. Egun batean lehengusina batek esan zidan ‘gaur konturatu naiz aita zaharra dagoela’. Batzuk hiltzen ari dira eta bizirik daudenak aurrera doaz. Hau da bizitzaren legea eta horren kontra ezin da ezer egin. Baina batzuetan mingarria da zure begien aurrean ikustea zure babesleku zirenak orain etxola txiki-txikiak direla, zuk babestu behar dituzunak. Apurka-apurka gero eta txikiagoak dira. ‘Nire ama zen, baina orain ni izango naiz bere ama’, pentsatzen duzu. Raquel Lanseros poeta andaluziarrari irakurri nion gurasoei eskainitako poema batean «Qué triste es ver que mis viejos se hacen viejos delante de mis viejos». Eta egia da. Nire ingurukoen guraso asko ez daude bizirik eta nireak bai. Baina zuk gainbehera ikusten duzu. Eta gainbehera txarto badoa apurtu egiten zaitu. Gogoan dut behin Edorta Jimenezi kontatu niola. Gure aita Euskal Herrikoa da eta besarkadak eta muxuak oso justu eman izan ditu. ‘Maite zaitut’ uste dut inoiz ez digula esan, nahiz argi dagoen maite gaituela. Behin, gogoan dut, oporretan joan ziren, telefonoz deitu eta ‘un beso’ esan zidan. Nebei watshapp-a bidali nien kontatuz. Haiek ‘benetan?’, galdetu zidaten. Harrituta geratu ginen denok. Orain muxua eskatzen dizute, besarkada, bilobekin beste samurtasun bat ateratzen zaie...
«Esperantzaren atzetik ibiltzen naiz zoro baten moduan»
Mundua modu kritikoan begiratzen irakatsi beharko lukete eskoletan. Halaxe uste du. «Ni kazetaria naiz, kuadrillakoak ere bai, eta ez direnen kasuan informazio asko eskuratzen dute. Ikasi egin dugu hedabideak modu kritikoan kontsumitzen. Askok egunkari bakarra irakurtzen du eta gainera ez du modu kritikoan irakurtzen», argitu du.
Gurea jendartea «anestesiatua» delakoan dago Goizalde Landabaso. «Era gordinean esango dut: aginteari ardiak interesatzen zaizkio. Eta uste dut oso artalde bihurtuta gaudela. Jendeak ez du erreakzionatzen ezergatik. Eta inoiz baino arrazoi gehiago dago mahaian kolpea emateko. Jendeak ondo bizi nahi du. Lo gaude eta espero dut esnatzean oso berandu ez izatea», esan du.
Inguruan ikusten duen elkartasun ezak arduratu egiten du. «Etiopian gosez hiltzen ari denaz arduratzen gara baina ez gure bizilagunaz. ‘Elkartasuna’ bezalako hitzak handi-mandi erabiltzen ditugu baina gero benetan ez dugu erakusten», gaineratu du.
Ezkortasun uneetan literaturara jotzen du. Bila. «Gustatzen zait begirada baikorrak irakurtzea, izan ere, nik batzuetan esperantza galtzen dut. Esperantzaren atzetik ibiltzen naiz zoro baten moduan. Eta idazteak batzuetan samurtzen du nire barrua, baina ez beti», dio.
Sormena euskarari lotuta dago deustuarrarentzat. «Gaztelaniaz oso gutxi idatzi dut. Ez zait irteten». Nahiz eta euskara ez izan bere ama hizkuntza. «Gurasoak erdaldunak dira. Haien belaunaldia euskara galdu zuen kate apurtua da; aurrekoak euskaldunak ziren, ondorengoak ere bai».
Irratigintzan, aldiz, zortzi urte daramatza gaztelaniaz lanean. Eta gero eta konbentzituago dago horren funtzio sozialaz. «Gu bizi garen herrian populazioaren %70ek ez daki euskaraz. Eta gainera, ez du interesik ez euskaran ez euskal kulturan. Oraindik ere, zoritxarrez, ezinbestekoa da gaztelaniazko hedabideon lana euskal kulturara jendea hurbiltzeko. Irtenbide bakarra ez da euskalduntzea. Gauza gehiago egin behar ditugu hiritarrak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Erakutsi egin behar diegu zerbait galtzen ari direla, euskaraz gauza zoragarriak eta liluragarriak egiten direla, sortzaile bikainak daudela eta abangoardia ikaragarria».
Bere esanetan, «erdal hedabideek euskaldunek baino lan handiagoa daukate, erantzukizun handiagoa. Radio Euskadin lanean hasteko nintzenean aitak baietz, sartzeko esan zidan. ‘Badakizu zenbat jende dagoen nire moduan euskaraz ulertzen ez duena?’, zioen, eta arrazoi zuen. Guk pentsatzen dugu oso herri euskalduna daukagula baina ez da hala. Errealitatearekin askoz errazagoa da lur-eremu berriak irabaztea irrealitatearekin baino».X.A.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
