Aurtengo San Joan bezpera
Makurrak dira nonbait ekainaren 23rako aurreikuspenak «Remain»-aren aldekoentzat. Kanpaina hasi baino ez da egin eta lau hilabete geratzen dira erreferendumerako, baina «bonba atomikoak» jaurtikitzen hasteko garaia iritsi dela erabaki bide dute batzuek. G20koen goi-bileratik jaulki dute lehena: munduko ekonomiarentzako shock bat izango omen litzateke Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea. Britainiarrik flematikoena ere urduriarazteko moduko erantzukizuna da, kontxo. Ondorengo egun/ asteetan haizatuko dira, apustu, «Leave»-zaleek irabaziz gero Erresuma Batuko ekonomiarentzat eratorriko liratekeen anabasak. “NYT” edota “The Guardian” egunkariak hasi dira jada.
Ez da txantxetako kontua, ez. Europar Batasunaren hil kanpaiak entzuten ari ginela zioen lehengoan aditu ospetsu batek. Gehiegi esatea izango da, agian; baina litekeena dirudi. Erresuma Batua irtengo balitz, beste batzuk ere aterantz abiatuko liratekeelako berehala.
Baina Cameronek «bere» erreferenduma irabaztea egunetik egunera zailagoa ikusten da. Bere-bereak direnetan, Ingalaterran eta toryen hauteslerian, ari baitzaio hazten oposizioa. Jarraipenaren aldeko botoa bizkortzeko Bruselan hitzartutako neurriek alderantzizkoa erdietsi dutela esan liteke, lehen inkestak aintzakotzat hartu behar baditugu. Ministro kontseilua bera zatituta egotea aski ez bazen, kontserbadoreen buruzagiak, etorkizunekoak (Boris Johnson) zein iraganekoak (Michael Howard), dira oraintxe bertan jarraipenaren aurkako pankarta daramatenak, UKIPekoek baino gogotsuago. Eta Cameronen etorkizuna ere bere arerioen (laboristen, eskoziar independentisten...) eskuetan dagoela ematen du.
Hala eta guztiz ere, inori ez diot oraindik entzun «argudio espainiarrik». Alegia, jokoan egon daitekeena europar guztion (edo, behintzat, askoren) interesekoa izanik, ezin dutela hori britainiarrek (Gibraltar barne, oroi) bakarrik erabaki.
Ea inor ausartzen den hori esaten.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
