GARA
BILBO

Negoziazio kolektiborako marko propioa eraikitzeko lan egingo du LABek

Enplegu duina bermatuko duen lan harreman eredu berri bat behar dela dio LAB sindikatuak. Gainera, «langileei lapurtutako eskubidea» berreskuratzeko bide bakarra mobilizazioa dela adierazi du.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu negoziazio kolektiboko idazkariak prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, Bilbon, arlo honetan sindikatuak egin duen txostena aurkezteko.

Lan mardul honetan 2011 eta 2015eko datuak alderatzen dira, eta LABek atera duen ondorioetako bat da «negoziazio kolektiboa Hego Euskal Herrian langile gehienak urratua duten eskubidea» dela. Gainera, azpimarratu zutenez, gaur egun negoziazio kolektiboak bizi duen egoera «erabaki politikoen ondorioa da».

Aranburuk azken lan erreformen «eragin kaltegarriak» aipatu zituen. EAEn negoziazio kolektiboaren eraginpeko langileen kopurua 579.818tik 473.958ra igaro zen lan erreformaz geroztik; %18,3ko gutxitzea (105.857 langile gutxiago). Gainera, 160 hitzarmen indargabetu ziren (%13,7), EAE mailako 143 hitzarmen desagertu eta 134.915 langile geratu ziren EAE mailako hitzarmenik gabe.

Egungo argazkia eginda, 549.257 langile daude negoziazio kolektiboaren eraginpean, 2011n baino 46.225 gutxiago. Horietatik, %35,9k bakarrik dute indarrean hitzarmena eta %46k indarraldia luzatu eta berritzeko dagoen hitzarmena dute. Bestalde, 2011n ez zegoen indargabetutako hitzarmenik, eta, egun, langileen %18k (99.101 langilek) dute indargabetuta.

Nafarroaren kasuan, «langileen gehiengo handi bat estatu mailako hitzarmenen eraginpean dago», adierazi zuen LABek. Nafarroari dagokionez, «langileen gehiengoa sektore mailako hitzarmenen eraginpean dago».

Datu hauen guztien aurrean, LABek negoziazio kolektiborako «marko propio bat» eraikitzea eskatu eta bere garrantzia azpimarratu du, «lan mundua demokratizatzeko tresna» izan behar duela adieraziz. Etxaideren ustez, borondate politiko kontua da, baina «Jaurlaritzak ez du nahi eta Nafarroako Gobernuak ez dio oraindik heldu gai honi». Horregatik, LABek gutxieneko 1.200 euroko soldata, astean 35 orduko lanaldia eta gisako neurriak eramango ditu negoziazio mahaietara.