Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Identitatearen eraikuntzaren sustraietara joko du gaur dFeriak

Sorterrira hilkutxa gainean AEBetako bandera daramala itzuliko den Michoacaneko gaztea, kitxua amazoniarraren kantu eta mitologiaren gaineko ikerketa edota futbolaren eta dantza garaikidearen arteko loturak aztertzen dituzten ikuskizunek hartuko dituzte gaur Donostiako oholtzak. Baita estreinaldi batek ere: La Pharmaco dantza konpainia andaluziarrak dFeriaren barruan estreinatuko du Kasper Hauserren kasuan oinarritutako ikuskizuna.

Nazio sentimenduaren ikur diren banderak, kulturaren oinarrian dauden kantu eta kondairak, beraiena ez den gizartera moldatu behar duten pertsonak... identitatea eta, batez ere, identitatearen gabeziak hartuko ditu gaur Donostiako oholtzak, proposamen ezberdinen bidez. Andaluziatik, bere azken lana estreinatzera dator La Pharmaco Donostiara. “Kasper Hauser. El huérfano de Europa” izenpean, dantza garaikidea flamenkoarekin eta dantza indiarrekin nahasita, hamazazpi urtez mundutik isolatua egon ostean Nurenberg-en azaldu zen gizonaren bizipenak oholtzaratuko dituzte andaluziarrek: «Denbora horren ostean izan zituen esperientziak hartu ditugu oinarritzat, garai hartan gizartea esperimentu sozial, politiko eta filosofikoetan aritu baitzen berarekin», azaldu zuen Luz Arcas koreografo eta dantzariak. Bost eszenatan zatitua, Kasper Nurenbergeko plazan azaldu zen uneaz, elurra ikusi zuen lehen aldiaz, hitz egiten ikasi zuen uneaz eta bere burua ikusteak sortzen zion harriduraz hausnartuko du konpainiak, «sekula ez baitzen bere buruaren isla bere sentitzera iritsi; identitate arazo sakonak zituen». Funtsean, ikuskizunak «zibilizazioak jaso, baztertu eta erail zuen» pertsonaiaren bizipenak ditu ardatz. Obra gaur estreinatuko dute, 17.00etan Tabakaleran.

Mexikotik, proposamen interesgarri batekin dator Carretera 45. Ciudad Juarezen sortu eta egun Mexiko Hirian lan egiten duen konpainia honek antzerkia gizartearen kohesioa lantzeko erabiltzen du eta, Donostiara dakarren “Érase una vez... (Oc ye Nechxa)” lanaren bidez, AEBetara migratu duen Michocaneko pertsonaiaren larruan sartuko ditu ikusleak: «Herri txiki batekoa da gure protagonista eta, beste hainbatek bezala, AEBetara emigratuko du; bertako armadan sartu eta Golkoko gerrara joango da borroka egitera, baina akabatu eta sorterrira heroi gisa itzuliko da, bandera estatubatuarra hilkutxa gainean duela...», azaldu zuen konpainiako antzezle eta ekoizle Antonio Zuñigak. Obraren bidez, «Mexikoko arazoen gainean Carretera 45k duen ikuspegi politikoa ere eman nahi dugu», gaineratu zuen. Antzezlana 10.00etan emango dute, Lugaritzen.

Eta, Mexikotik, Peru eta Kolonbiatik datozen La Mestiza konpainiaren proposamenera egingo du jauzi dFeriak gaur iluntzean (20.30, 2016 Gunea). Kitxua hizkuntza erabiliz “Ñucanchik antisuyu riman (Habla nuestra selva)” izendatu duten antzerkian, «juglare garaikidearen» irudiaren gaineko esperimentua oholtzaratuko dute: «Amazoniako kitxua ikertzen lau hilabete eman genituen eta bertako kantu eta mitologia hartu dugu oinarri obra honetarako; eszenan zortzi instrumentu ikusiko dira eta, horien bidez, juglarearen eta musikaren arteko jolasa proposatzen dugu», azaldu zuen Franklin Martinezek. Juglarearen irudiarekin jolasteaz gainera, obrak William Ospinaren “El País de la Canela” eleberriaren trama erabiltzen du «espainolen eta indigenen arteko talka kulturala» islatzeko: «Hiru mila pertsonatik gora hil ziren Gonzalo Pizarrok aginduta», ekarri zuen gogora.

Futbola eta dantza

Kataluniatik, Barça-ko futbolarien mugimenduetan oinarritutako dantza ikuskizuna dakar Gelabert-Azzopardi konpainiak. Cesc Gelabert-ek azaldu zuenez, futboleko mugimendu orok du bere baliokidea dantza garaikidean, eta ikuskizunak harreman hori ikertzea du xede. «Alderdi teknikoa landu dugu nagusiki, esentziaren bila genbiltzalako», azaldu zuen. Hala, eszenatokia hartzen duen pantaila erraldoi batean futbol jokaldiak ematen dira eta, une berean, zortzi dantzarik horiei dagozkien dantza mugimenduak eskaintzen dituzte. Uztarketa bitxi hau gaur ikusi ahalko da, 20.30ean Victoria Eugenia antzokian.

Bere aldetik, “Hey Bro! Hipster show” bakarrizketan “hipster” hitzaren adierak aztertuko ditu Fabiolo gisa ezaguna den Rafael Mazak. «Zer da hipster izatea? Zein da zaharkitua edota vintage izatearen arteko aldea? Txina, Zeelanda Berria eta beste hainbat herrialde zeharkatuz, hipster izatearen gainean hausnartuko dugu», azaldu zuen Mazak. 2016 Gunean, 24.00etan.

Eta, azkenik, gaurko egitarauko protagonistez gainera, atzo La Teta Calva eta Xabo Gimenezen “Llopis” antzerkia ere aurkeztu zuten. Gimenezek azaldu zuenez, prekaritatetik jaiotzen den konpainia da La Teta Calva valentziarra eta bide beretik sortu da “Llopis” ere: «Egun, antzezle batek proiektu ezberdinetan egon beharra dauka alokairua ordaindu nahi badu; agian ekintza suizida izan da, baina antzezlan honetan ni naiz antzezlea, muntaia eta desmuntaia egiten duena, argiztapena...». Komedia beltza eta ironia landuta eta bakarrizketa formatuan emanda, bere identitatearen bila dabilen pertsonaia bakarti baten erretratua egiten du antzezlanak: «Zergatik dugu nahiago Alabama Araba baino? Zergatik gabiltza amets amerikar horren atzetik? Galdera horiek laburbiltzen dute obraren filosofia», azaldu zuen Gimenezek.