Andoni ARABAOLAZA
Entrevue
ALEX TXIKON
MENDIZALEA

«Uste dut Euskal Herriari ekarpen xume bat egin diodala»

Pasa den otsailaren 26an lemoarrak zortzimilakoen historian pasarte handia idatzi zuen; izan ere, Nanga Parbateko lehen neguko igoera sinatu zuen. Une aproposa da, beraz, protagonistarekin jarduera horren inguruko hausnarketa eta azterketa egiteko.

Kosta zaigu, baina, azkenean, Alex Txikon GARAko orriotara ekarri dugu. Oraindik Pakistanen dago, eta luzatu dizkiogun galdera batzuk handik erantzun dizkigu. Euskal Herrira, berriz, hilaren 15ean itzuliko da.

Ali Sadpararekin eta Simone Mororekin batera Nanga Parbateko lehen neguko igoera egin zenuenetik, hamar egun igaro dira. Dagoeneko, erdietsitakoa ondo baino hobeto barneratuta izango duzu; hots, jakin badakizu, zortzimilakoen historian ate handitik sartu zarela. Euskal Herria hain txikia izanik, nola baloratzen duzu eginiko ekarpen historiko hori?

Gauden momentu historiko honetan, uste dut guk ere gure erantzukizuna dugula. Aitortu behar dut ekarpen hori barne-barnetik bizi izan dudala. Horrekin esan nahi dut uste dudala Euskal Herriari ekarpen xume bat egin diodala. Gure izena, euskal mendizale batena, zortzimilakoen historian egotea garrantzitsua da.

Eta horren adibide bat jarriko dut. Poloniako herri batean mendiaren inguruko museo bat dago; onena, alegia. Eta haren erdian soilik zortzimilakoen neguko argazki piloa ikus daitezke. Eta han euskal mendizale batek protagonismoa izateak, bada, uste dut dena esaten duela. Euskal mendizale bat historia horretan sartzeak gure herriari nortasuna ematen dio. Ez da mendizale espainiar bat izan, euskalduna baizik.

Horrez gain, argi geratzen da futbolaz gain, zer edo zer gehiago dagoela, eta Euskal Herria hor goian jartzea harro egoteko moduko dela. Finean, egun bizi dugun prozesu honetan ekarpen txiki hori egiteak gure herria dagokion lekuan uzten du.

Hori guztia esanda, Ugaitz Perez eta Iñaki Bilbao presoei besarkada bero eta handi bat bidali nahi diet. Baita Arnaldo Otegiri (ongi etorri Euskal Herrira!) eta euskal preso eta iheslari politiko guztiei ere.

Sarrera hau egin eta gero, Nanga Parbaten eginiko lanaz hitz egin dezagun. Nire aburuz, jende asko ez da jabetzen Sadparak eta zuk zeuk gailurra egin baino lehen eginiko lan ikaragarriaz. Zuek biok hirugarren kanpalekura arteko dena antolatu zenuten; hots, bide hori ekipatu zenuten. Tartean, Kinshofer murru teknikoa. Eta uste dut hori ere zuen arrakastaren giltzetariko bat izan dela. Ze azterketa egiten duzu?

Arrazoi osoa duzu. Alik eta biok lan guztiaren %95a egin genuen. Tamara (Lunger) eta Simone ondoren iritsi ziren, baina falta zen lan apurra egin zuten. Hirugarren eta laugarren kanpalekuetara arte elkarrekin jardun genuen, eta onartu behar dut lau laguneko talde batean hobeto egiten dela lan. Beraz, Tamara eta Simone iritsi zirenean, lan handiena egina zegoen.

Alik eta biok argi geneukan, eta Tamarari eta Simoneri ez genizkien ateak itxi. Partekatu nahi genuen guk eginiko lana, eta, aitortu behar dut, elkarrekin oso giro onean jardun genuela. Laurok Daniele Nardirekin batzarra egin, eta erabaki genuen indarrak partekatuko genituela. Hori bai, Daniele kanpo geratu zen. Beraz, Aliren eta bion aldetik argi geratu da ez garela berekoiak izan, eta eginiko lan eskerga egin eta gero, Tamarari eta Simoneri gure ateak itxi ordez zabaldu genizkiela.

Nardirekin arazo batzuk izan ondoren, italiarra etxera itzuli zen. Orduan Lunger eta Moro iritsi ziren. Alik eta zuk bakarrik jarraitu izan bazenuten, uste al duzu gailurra egiteko aukera izango zenutela?

Baietz uste dut. Alabaina, onartu behar dut arrakasta ez dela soilik Alirena eta nirea izan. Giltza ere gure inguruan izan diren guztiek izan dute. Lan talde horretan dena eman dugu; hori bai, apaltasun guztiarekin.

Orain lortu dugun arrakasta iaztik dator. Iaz tontorretik 200 metrora geratu ginen, kristoren lana egin genuen... hainbeste aldatu da? Orain faltsukeria asko dago.

Aitortu behar dut iazko eskarmentuak asko lagundu digula; beste era batera jardun dugu. Iaz, adibidez, bizkar-zakuarekin zama lanak egin genituen; aurten, berriz, lera batzuk erabili ditugu. Gauza batzuk aldatu ditugu, hobetu ere bai. Uste dut iaz heldutasun falta pixka batekin jardun genuela. Aurten, berriz, dena ondo egin eta atera zaigu.

Moro dagoeneko zortzimilakoak neguan gehien igo dituen mendizalea bihurtu da. Horretaz gain, izar mediatikoa da eta uste dut hedabide askok Ali eta zuri baino garrantzi gehiago eman diotela italiarrari. Nire uste bat baino ez da, ze badirudi batez ere gailur eguneko saioko estrategia aldaketa Mororena izan zela. Zer diozu?

Laugarren kanpalekutik tontorrera ateratzeko ordua atzeratzea ez zen Simoneren kontua izan, Alirena eta biona baizik. Gainera, Simonek argi utzi du ez zela taldearen liderra izan; erabakiak lauron artean hartzen genituen.

Ali izan da giltza, eta ez Simone. Alik Nanga Parbaten duen eskarmentua Simonerena baino handiagoa da. Gainera, Simonek jakin bazekien lan handi bat aldez aurretik guk egina geneukala; eta, jakina, hori errespetatu zuen. Poloniarrak edo beste batzuk izan balira, argi dut ez zutela Simone taldean sartzen utziko. Eta guk, bai, utzi genion. Jakina, Simoneren presentzia garrantzitsua izan da, baina uste dut Alik eta biok iaz hartu genuen eskarmentuak erabat lagundu digula. Beti aktibo egon gara, mugitzen, gorputza landuz... gai horiek guztiak oso zehaztuta genituen.

Dagoeneko, zortzimilakoetan egiten diren neguko igoeretan gero eta eskarmentu handiagoa duzu. Gasherbrun 1 mendian lehen saioa egin zenuenetik bost urte igaro dira. Mendi horretan bi negu egin zenituen, baina “arrakastarik” ez zenuen lortu. Nanga Parbaten ere bi negu egin dituzu, eta aurten saria eskuratu duzu. Esan daiteke nahiko eraginkorra izan zarela. Non egon da emaitza bikain horren giltza?

Inolako zalantzarik gabe, azken bost urteotan neguko jardueretan izan dudan ibilbideak berebiziko garrantzia izan du. Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoak bukatu zituenean, nik beste bide bat hartu nuen. Finean, bost urte hauek trebakuntza, formakuntza... izan dira. Askotan Lynn Hill eskalatzaile estatubatuarrarekin gogoratzen naiz. Kapitaineko “The Nose” bide mitikoa era askean igo zuen lehen eskalatzailea izan zen. Baina ekarpen hori lortu aurretik, formakuntza fase bat izan zuen. Bai, Nanga Parbateko neguko lehen igoera egin dut, baina hau eskuratzeko kristoren lana egin behar izan dut: 2011n eta 2012an Gasherbrum 1 mendian; ondoren, Layla Peak-en; eta azken bi urteotan Nanga Parbaten. Eskarmentu horri esker, erronka garrantzitsu batzuk egiteko gai izan naiz.

Orain, jende askok galdetzen dit ea datorren urtean K2 edo Chogorira joango naizen; izan ere, zortzimilakoen neguko jardunetatik bakarra igotzeko falta da. Diru asko eskatzen du, baina ikusiko dugu.

Aurten makina bat espediziok bat egin duzue Nanga Parbaten. Batzuk, zuk bezala, Diamir aurpegian eta beste batzuk Rupalen. Zuk estilo klasikoan jardun duzu, baina zure kide den Adam Bilelecki poloniarra (Jacek Czech poloniarrarekin) estilo alpinoan saiatu zen. Uste duzu estilo hori neguko zortzimilakoetan oso urruti dagoela?

Alderaketak egiten baditugu, uste dut aukera hori soilik Ueli Steck suitzarraren esku dagoela. Diamir isurialdetik eta batez ere Kinshofer murrutik era arinean saiatzea erruleta errusiarra da. Alik esan zidan guk lortutakoa pareta horretan era askean eta arinean egiten bada mendizaletasunaren atea itxi egiten dela. -40 graduko tenperaturak, soka finkorik gabe... uste dut oso-oso zaila dela.

Kontuan hartu behar da Adamek Gasherbrum 1 eta Broad Peak neguan igo dituela. Ondoren, nirekin Kanchenjungan saio bat egin zuen, beste espedizio batean aurpegiratu zioten lagunak bakarrik utzi zituela... Ez dakit, uste dut “erantzukizun” edo presio handia zuela. Eta hitz potoloak oso era arinean bota ditu. Polonian oso ezaguna da, baina uste dut erdiak asko kritikatzen duela eta beste erdiak txalotu.

Beraz, Alik dioen modura, Diamirretik estilo horretan ia ezinezkoa da. Agian, Rupaletik, bai.

Tomek Mackiewiczek dudan jarri du “Race Tracker” markatzen zuen lekua, Nardik auzitara eramango zaituela esanez mehatxatu zaitu, Clei Weidlichek Ali eta bere bi “bezeroak” zoriondu ditu, hedabide batzuek ez zaituzte leku onean jarri... Erantzuteko gogorik bai?

Hitz gutxitan esanda, Nardik ez du lanik egin; Igonek (nire prentsa arduraduna) zama lan gehiago egin du. Italiarrak ez du ezer ekipatu; soilik bigarren kanpalekura soka pixka bat eraman zuen. Eta, gainera, sare sozialekin obsesionatuta egon da.

Poloniarraren inguruan soilik esan behar dut hobe zuela bere GPSari begiratzea, ze eman zituen altuerekin hanka sartze handiak egin ditu. Gainera, gailurreko argazkiak ikusi ditu, eta horrekin dena esanda dago

Estatubatuarra kaka asko sartzen ari da. Gure tontorreko argazkiak Aliri 3.000 dolarrengatik erosten saiatu da. Jakina, ez diot utzi. Eta hedabide batzuk, tartean espainiarrak. Bada, horren inguruan ez dut ezer esateko.