GARA
ONDARROA

Ondarroan etxetik aterarazi dituzten familiak ezingo dira 15 egunean itzuli

Joan den astean Kamiñalde kalean izan zen lur-jausia dela eta, San Inazio kaleko 84 etxebizitzak hustu zituzten asteartean euriteen ondorioz berriro gertatzeko arriskua egon zitekeelako. Atzo Udalak bilera egin zuen kaltetuekin eta jakinarazi zien gutxienez 15 egunean ezin izango direla etxera itzuli.

Teknikariek egindako azterketak kontuan hartuta, harri gehiago eror litezkeela aurreikusi dute. «Herritarren segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna; horregatik, egoera egonkortu bitartean etxeak hutsik mantentzea erabaki dugu», adierazi zuen Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak.

Senideen edota beste herritarren etxeetan gelditzeko aukera dutenek hala egingo dute. Gainerakoentzat Udalak eskainiko ditu baliabideak. «Etxe hutsak dituzten herritarrei horiek eskuragarri jartzeko deia egin nahi diegu, larrialdi egoera honetan denak beharrezkoak izango baitira», azaldu zuen.

Bizilagunei dagokienez, alkateak azpimarratu zuen «jarrera baikorra» izan dutela hasieratik eta Udalak ezarritako segur tasun neurriak errespetatu dituztela. Teknikariek egoeraren jarraipena egingo dute eta oraindik ez dakite noiz itzuliko diren normaltasunera, baina uste dute hamabost eguneko kontua izango dela. Hala ere, alkateak azpimarratu zuen ez dagoela bere esku etxera itzultzeko agindua ematea, adituek esan beharko baitute noiz den segurua pauso hori ematea.

Euri ugari egin duelako

Geologoen Eskola Ofizialak adierazitakoaren arabera, EAEko hainbat tokitan lur-jausi gehiago gertatzeko arriskua dago, azken egunetan izan diren euri teak direla-eta. %15ko desnibela gainditzen duten puntuak dira arrisku handiena dutenak, EAEren kasuan lurraldearen erdia baino gehiago.