Arantxa MANTEROLA
HENDAIA

Hizkuntza politikak aztergai Hendaian martxoaren 18an egingo den foroan

Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen inguruan lanean dihardutenen esperientziak ezagutzeko parada emango du, besteak beste, Hendaia Euskaraz kulturaldiaren baitan antolatutako foroak. Gaur bertan amaituko da parte hartu nahi dutenek izena emateko epea.

Hendaia Euskaraz urtero egiten den kulturaldiaren barnean, Herriko Etxeak eta barrutiko diputatu Sylviane Alauxek Hizkuntzen eta Hizkuntza Politiken Foruma antolatu dute. Ekimena martxoaren 18an izango da Sokoburuko Anton Abadia aretoan, eta, besteak beste, Estatu frantsesean hizkuntza gutxituen defentsan lanean ari diren eragileak, lurralde elkargoetako hautetsiak eta hainbat parlamentari (Paul Molac bretoia, David Grosclaude okzitaniarra eta Saveriu Luciani korsikarra) mahai-inguruan bilduko dira egungo hizkuntza politikez eztabaidatzeko.

Horrez gain, Korsika, Bretainia, Katalunia, Okzitania eta Alsaziatik jindako eragileen esperientziak, beren hizkuntzen egoera eta haiek sustatzeko abian jarri dituzten egitasmoak ezagutzeko parada izango da egun osoa iraungo duen topaketan. Aldez aurretik, goiz partean, esparru juridikoak eskaintzen dituen aukerak eta herrialde desberdinetan nola aplikatzen diren eta Europan hizkuntza gutxituek duten tokia aztertuko dira.

Egitarau osoa ezagutzeko eta foroan parte hartzeko izena eman behar da, honako helbidera idatziz: forumlangues.hendaye@gmail.com. Gaur amaitzen da epea.

Mahai-ingurua Uztaritzen

Bestalde, UztaHitza ekimenaren baitan, martxoaren 21ean, 20.30ean, Gaztelondoa gelan, Uztaritzeko Herriko Etxeak Gure Berriak-ekin elkarlanean mahai-inguru bat antolatu du “Zapalkuntzatik Askatasunera” euskarari eta Euskal Herriari buruzko azterketa plazaratzen duen liburua hizpide hartuta.

Ane Ablanedo, Eneko Bidegain eta Beñat Castorenek beren iritzia emango dute liburuaren edukiaz eta bertaratzen direnekin eztabaidatuko dute. Mahai-ingurua euskaraz izango da eta bat-bateko itzulpen zerbitzua jarriko dute.