Jon LEUNDA
Berezkoak

Lanbertek eta Ezkurrak aurreikuspenak ederki bete dituzte Lohitzünen

Laurent Lanbertek eta Ezkurrak aurreikuspenak bete, eta 40 eta 24koarekin mendean hartu zituzten Ospital eta Luku. Jende asko batu zen Lohitzuneko trinketera, eta dirua hasieratik atera zen irabazleen alde, eta oso nabarmen, gainera.

Ospital gazteak Ximun Lanbertekin jokatu behar zuen txapelketa hau, baina lehiaketa hasi aitzin Lanbertek min hartu zuen, eta oraindik bera baino gazteagoa eta profesionaletan eskarmentu txikiagoa duen pilotari batekin, Lukurekin, ari da jokatzen. Hala, azkenean agerian geratu da euren gaztetasuna eta eskarmentu falta.

Lanbertek eta Ezkurrak finalerdietan sartzeko azkenetako aukera zuten, eta ez zuten alferrik galdu. Aldea ateratzen azkar hasi ziren, eta norgehiagoka osoa kontrolpean eraman zuten. Jardunaldi bakarra geratzen da lehen fasea amaitzeko, eta gutxienez Bigarren Mailako lehen faseko onenarekin kanporaketa aurrekoa jokatzeko txartela eskuetan dute. Hori irabazita, berriz, finalerdietan izango dira.

Jardunaldi bakarra geratzen da lehen fasea amaitzeko, eta Waltari eta Bilbao daude lehen postuan, jokatutako hiru partidak irabazita. Bigarren, Larralde eta Gixandut, bi partida irabazi eta bat galduta, Bielle eta Ducassou bezalaxe. Ondoren, Lanbert eta Ezkurra, hiru partida galdu eta bat irabazita. Bikote honek lehen fasea amaitu du. Azkena, Ospital eta Luku, jokatutako partida guztiak galduta. Datorren asteburuan jokatuko da lehen fase honetako azkeneko jardunaldia. Ostiralean Arrangoitzen izango dira partidak, eta larunbatean Garindaingo trinketean.

Bigarren Mailako norgehiagoka ere jokatu zen atzo Lohitzünen, eta bertan, Intxauspek eta Amuletek, 40 eta 33 irabazi zieten Etxegarairi eta Lazkanori. Emozioa izan zuen norgehiagoka honek, eta Intxaupe nabarmendu zen, oso maila ona eman baitzuen.