GARA
DONOSTIA

Gaur epaituko dituzte 2007an A-8 autobidea moztu zuten bost gazteak

Gaur egingo dute, Donostian, duela bederatzi urte gazte mugimenduaren kontrako jazarpena salatzeko A-8 autobidea moztu zuten lagunen kontrako epaiketa, eta horregatik ekarri dituzte duela ia bi aste atxilotutako Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta Martuteneko kartzelara, Eleak mugimenduak atzo adierazi zuenez. Horiekin batera epaituko dituzte Saioa Zerain eta Asier Alberdi.

Prentsa ohar batean, aipatu taldeak salatu du hiru gazteok «Donostian epaiketarako hitzordua zutela jakina izanagatik, joan den astean mendeku gosez Logroñora eta Valladolidera dispertsatu» zituztela.

Ildo horretan, eta epaiketari begira, Eleakek «salbuespen politikak oro har eta gazte hauen aurkako jazarpena zehazki bidegabeak direla uste duten herritar guztiak» deitu ditu gaur, goizeko 9.45ean, epaitegiaren aurrean elkarretaratzera. «Saioa, Asier, Ainara, Aritz eta Naroari gure elkartasuna eta xamurtasuna adieraziko dizkiegu», azaldu du Eleakek, gaineratuz bederatzi urte hauetan guztietan agertu duten jarrera desobedientea babestu eta txalotuko» duela, era berean.

Gazteei jazarpena Gasteizen

Bestetik, Gasteizko Eleakek mozioa aurkeztuko du Udalean zenbait gaztek pairatutako jazarpenak salatzeko. Abenduan, gazte horien kasua salatu ostean, orain, Gasteizko Udalari «gasteiztarren eskubide zibil eta politikoen alde jotzeko, militantzia eta disidentziarako eskubidea babesteko eta gazte hauekiko elkartasuna adierazteko» eskatuko dio.

Eleakek jasotako lekukotasunen artean, presioak, jarraipenak zein kolaborazio eskaerak daude, eta nabarmendu du «praktika hauek bidegabeak ez ezik, ilegalak ere» badirela.