GARA
MOSKU

Dozenaka hildako Errusian, eguraldi txarrak eragindako hegazkin istripuan

Flydubai konpainiako hegazkin batek istripua izan zuen atzo Errusiako Rostov Don hiriko aireportuan eta barruan zihoazen 62 lagunak hil egin ziren, Errusiako Larrialdi Ministerioak jakinarazi zuenez.

Boeing 737-800 hegazkinean 55 bidaiari (18 gizon, 33 emakume eta 4 ume) eta eskifaiako 7 kide zihoazen. Aireportuko agintarien arabera, hegazkinak lurra jo zuen Rostov Doneko aireportuan, lurreratzeko bigarren saiakera egiten ari zela, goizaldeko 03.40ak zirenean.

Lehen hipotesien arabera, litekeena da eguraldi txarrak eragin izana istripua: oso laino itxia zegoen, haizea zakar zebilen eta euria gogotik ari zuen aireportuan.

Flydubai konpainiako hegazkina 01.30ak zirenean lur hartzen saiatu zen lehen aldiz eta, gero, bi ordu baino gehiago zain egon behar izan zuen bigarren lur-hartze saiakera egiteko. Zenbait lekukoren testigantzaren eta kamerek hartutako irudien arabera, bigarren saiakeran hegazkinak lurra jo egin zuen. Leherketa handia izan zen eta hegazkinak su hartu zuen.

Zergatik ez zuten hegazkina beste aireporturen batera eraman? Errusiako hedabideek galdera hori egin zieten adituei eta guztiek gauza bera erantzun zuten: aireportu hori alde batera utzi eta beste batera joatea zen egokiena. Arabiar Emirerri Batuetako konpainiak onartu zuen ez dela ohikoa hegazkin batek horrenbeste denbora egitea airean, lur hartzeko beste lekuren bat eskatu gabe. Edonola ere, Flydubaiko buruek gogorarazi zuten Rostov Don hiriko aireportuak zabalik jarraitzen zuela, eta hegazkina hartzeko gauza zela. Beraz, pilotuaren erabakia ez litzateke salatzeko modukoa izango, betiere kontratatu zuen konpainiaren iritziz.

Errusiako agintariek dagoeneko aurkitu dituzte bi kutxa beltzak. Bertatik ateratzen duten informazioa erabakigarria izango da gertatutakoa ulertzeko.

Pilotua Ziprekoa zen eta kopilotua espainola. Esperientzia handiko profesionalak ziren, konpainiaren arabera.