Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Drogen eta nahaste mentalen murru sozial menderaezina

«Hauts haietatik» izena eman dio Unai Villenak XVII. Igartza Saria eskuratuta idatzi duen eleberriari. Hauts artetik jaiki eta euren bizitza berregin behar izan dutenak izan ditu gogoan elgoibartarrak, baita inoiz drogen laino artean galdu direnak ere; gizarteak pertsona horien bueltan oraindik ere eraikitzen dituen murruez ere ari da.

Osagai askoko eleberria da Unai Villenaren “Hauts haietatik”. Eta esanahi askokoa. Izenburutik bertatik, hitzekin jolastu eta bi adiera ematen ditu idazleak. Bata, drogena: azaleko irudiak hautsen aipamenak erreferentzia drogei egiten diela iradokitzen du. Bigarrena, nahaste mentalena: «Hauts artetik altxatu eta bizitza berregin» behar izan dutenei zuzentzen zaie Villena.

Eleberriak, 80ko hamarkadan Eibarren jaiotako Anderren istorioa kontatzen du. Bizitza oparoa darama harik eta, 24 urte dituela, zurrunbilo batean sartu eta drogen kontrola galtzeak eta agerpen psikotikoek zortzi urtez desintoxikazio-zentro eta psikiatrikoetan ingresatuta egotera daramaten arte. Epe hori pasatuta, jada 32 urterekin, Anderrek bizitzari berrekin eta, etorkizunari heldu ahal izateko, iragana atzean uzteko premia izango du. Bide horretan lagun izango du Oier, betidaniko adiskidea, eta irakurleak ere haren ahotik jasoko du Ander dagoen atakan egotera eraman duten bizipenak.

Droga kontakizunean zehar oso presente badago ere, Villenak gai nagusia «gaixotasuna» dela ziurtatu zuen: «Desintoxikazioa, Proyecto Hombre eta psikiatrikoak aipatzen dira, betiere protagonistaren ikuspegitik. Kontsumitzen duen jende askori sortu zaio gaixotasuna, baina ez dago argi zer dagoen lehen». Osasun etxeetan «gaixoek jasaten duten trataera» ere ezbaian jartzen du egileak: «Gure osasun sistema publikoa oraindik ez dago prest gaixotasun mentala eta droga mendekotasuna aldi berean jasaten dituena era eraginkorrean artatzeko».

Zentzu horretan, eleberrian zehar egoera horiek bizi dituztenek jasan behar duten estigma sozialari ere egiten zaio erreferentzia eta kritika, protagonistak lagun zein senideen bazterketa ere ezagutuko baitu.

“Hauts haietatik” eleberriko orrialdeetan barrena, irakurleak pertsonaiaren iraganaren eta haren garapen pertsonalaren berri izango du, baina garai zehatz bat bizi izan zuen gizartearen errepasoari eta, poesia tartekatuta, metaliteraturari ere tartea eskaintzen dio Villenak: «Baina, agian, berezitasun handiena ahots eta estilo ezberdinak tartekatu nahi izan ditudala da», zehaztu zuen liburuaren aurkezpenean.

Eleberriaren zati nagusia bigarren pertsonan idatzia badago ere –Oier lagunaren ikuspuntutik–, Villenak kontakizunaren linealtasunarekin hausteko ahalegina egiten du, elementu ezberdinak tartekatuz. Hiru atal edo kapitulu mota eraiki ditu horretarako: pertsona izenak daramatzaten ataletan, eleberrian zehar agertuko diren pertsonaien ikuspuntuak helarazten ditu; goiburutzat zenbaki edo data bat daramatenak testuingurua finkatzeko baliatzen ditu; eta gainerakoak pertsonaia nagusiaren kontakizunean oinarritzen dira eta eleberriaren hari gidaritzat egiten dute.

Zenbait atalen hasieran euskal musikari ere egiten dio erreferentzia Villenak: «Oso presente dago nobelan. Adibidez, sei urte dituela aitarekin kotxean doala ‘Eh txo!’ entzuten dela aipatzen du, eta atalaren hasieran letra zati bat, abestiaren izenburua eta diskoa zehazten dira. Irakurleak ohiko moduan irakur dezake eleberria edo abestia entzun eta une horretako giroan sar dezake», zehaztu zuen.

Orotara 50 kapitulu laburrek osatzen dute eleberria eta, horien bidez, 80ko hamarkadatik gaur egunera arteko ibilbidea egiten da: «Dokumentatu egin behar izan dut, ni haurra nintzela bizi izan baitzen hemen heroinaren kontu hori guztia. Dena zeharka kontatzen da eleberrian eta datu asko ematen dira, norberak buruan dituen datuekin osa dezan eleberria. Horregatik, garai baten erretratua baino garai baten bozetoa dela esango nuke», azaldu zuen.