Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOAK

Juanito Oiarzabal «2x14x8.000» xedearenazken txanpan da

Alpinista gasteiztarrari lau zortzimilako falta zaizkio esku artean duen proiektua borobiltzeko: Dhaulagiri, Broad Peak, Nanga Parbat eta Shisha Pangma. Azken erronka horietan Alberto Zerain alboan izango du.

Juanito Oiarzabal gasteiztarra prest da “2x14x8.000” xedeari azken errematea emateko. Lau mendi geratzen zaizkio bukatzeko: Dhaulagiri, Broad Peak, Nanga Parbat eta Shisha Pangma. Hori lortuko balu, hamalau zortzimilakoak bi aldiz igoko dituen lehen mendizalea litzateke. Baina gasteiztarrak berak horri guztiari garrantzia kendu nahi izan dio: «Mila aldiz aipatu izan dut xede hori helburu pertsonala dela. Bukatzeko gai banaiz, argi daukat ez diodala zortzimilakoen historiari inolako ekarpenik egingo. Soilik adieraziko dut mendizale berezi batek erraldoi horiek bi aldiz igo dituela. Alpinismoaren ikuspuntutik begiratuta, onartzen dut ez duela inolako garrantzirik».

Irakurleak ondo baino hobeto ezagutzen du Oiarzabal. Hamalau zortzimilakoak igo zituen lehen euskal mendizalea da, baina, marka horrez gain, gogoratu behar dugu Himalaian zein Karakorumen dauden mendi horietara 47 espedizio egin eta 26 tontor zapaldu dituela. Beraz, eskarmentua soberan badu. Baina egun 60 urte ditu, eta protagonistak berak onartu du bestelako sasoia duela: «Jakina, ez naiz lehengoa. Nahiz eta, adibidez, Aconcaguan lan asko egiten dudan, ez dakit egun girora egokitzeko arazorik izango dudan. Alabaina, xede hau bukatzeko gai ikusten naiz. Ez dakit ona edo txarra den, baina falta zaizkidan lau mendi horiek ‘errazenak’ dira».

Dhaulagiri lehena

Garai batean ez bezala, egun zortzimilakoek ez dute “saltzen”, eta gasteiztarrari kosta egin zaio babes indartsu bat lortzea: «Zorte handia izan dut, eta azken lau zortzimilako hauek aurrera ateratzeko Saunier Duval enpresaren laguntza jaso dut». Bestalde, proiektuaren azken txanpan Oiarzabal ez da bakarrik egongo. Alberto Zerain bidelagun izango du: «Lagun zaharra dut, eta biok ala biok ondo baino hobeto ezagutzen dugu elkar. Eskarmentu luzea dugu mendi horietan, eta argi daukat Albertok asko lagunduko didala».

“2x14x8.000” xedearen azken ukituak eman ondoren, etxeko epeltasuna utzi eta Dhaulagirira abiatu dira Zerain eta Oiarzabal: «Lehena izango da, eta harekin gauza berezia dut; izan ere, lagun asko han galdu ditut bertan. Tontorra lortzen badugu, erronka honetan askoz ere lasaiago egongo naiz. Mendi teknikoa da, eta goialdean kontu handiz ibili behar da. Azken eguneko zeharkaldia ez da batere erosoa. Dhaulagiri igotzen badut, Broad Peak hurrengo helburua izango da».