Jon LEUNDA
errugbia

Mailari eusteko txartela segurtatu eta gora begiratzen hasi nahi du Biarritzek

Biarritzek gaur bertan lor dezake Bigarren Mailan jarraitzeko txartela; izan ere, 19.30ean Akize hartuko du Aguileran. Landetako taldea jaitsierako postuan dago, eta lapurtarrek 15 puntuko aldea ateratzen diote. Ondorioz, gaur Biarritzek irabaziko balu, 19 puntura pasatuko litzateke, eta bost partidaren faltan, hasierako helburua lortua izango luke.

Baina, une honetan jaitsierako postuetan dauden taldeak baino gertuago ditu talde zuri-gorriak igoera fasea jokatzeko postuetan dabiltzanak, eta agian hori izan beharko litzateke ondorengo erronka. Gaur irabazi, aurreneko helburua bete, eta geratzen diren bost partidetarako asmo polita izan daiteke.

Zuri-gorriak oso bolada onean daude, eta garbi dago hasierako bolada txar hura izan ez balute, une honetan euren egoera oso bestelakoa izango litzatekeela. Ez da ahaztu behar aurreneko zazpi partidak galdu egin zituztela. Akizek, berriz, badaki mailari eustea oso zaila daukala, baina itxaropen horiei eusteko gaur garaipena behar du, eta horretara etorriko da Aguilerara.

Eguraldi txarra dago iragarrita, eta euria egiten baldin badu, neurketa asko berdindu lezake, baloia eskura jokatzea oso zaila egingo baita. Hala ere, Biarritz da faborito.