Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Alegiazko errealitatea

Udaberrian gara, edo. Egia esan, ez dakit zer berri ekarriko zuen udaberriak mundu zaharrean, apostolu txaplata hark egunak joan eta egunak etorri idazten zizkien gutunak sekula erantzun ez zituzten korintiarren munduan kasu baterako; baina gaur, ustez, lehena den mundu honetan behintzat ekinozioak berak ere ez dio jaramonik egiten udaberriari. Alegiazko mundu batean bizi gara, ipuinlari. Horra, kasuko, Mila gau eta bat gehiago harena. Eguneratu egin dugu euskaldunok, Mila egun! Ajuria Eneko maizterrak zifra hotzezko diapositiba-epistola modura hurkoei kontatua, auzoko parrokian. Zer berri? Alkandora jakatik askatu izana izan zitekeen berrikuntza; edo, gaurko hiztegi ofizialean esanda, innobazioa! Ez dut eszenografia gustuko soziopolitikaren oholtzan. Zin egiten dut, arraroa naiz, oso; komenentziazko bandera duten ontziak ere ez ditut gustuko, atera kontuak!

Tira, harira! Gabonak baino lehen zenbat aldiz ez ote zen kritikatu, arrazoizko motiboak barne, Kataluniako ezker-ezkerrak erabakia hartzeko erakutsi zuen gelditasun geldoa? Bada, hara! udaberrian ikusita, abiadura handiko erabakia izan zen hura, gure behean den Estatu antzeko horretan erabakiak hartzeko hartu duten patxada ikusita.

Marx anaien kabina. Gurera etorrita ikasgai, erabakiaren eskubidearen parean jarri behar dugu hartarako denbora, badaezpada! Bestela, Haizeak eramana.

Ipuinetan oraindik. Horra! Ihesaldi handia haren remake edo. Panaman errodatua, etengabe. Ez da filma, seriea da, atalka doana, iragarkiak tartean. Protagonista askok dute han papera, bat baino gehiago, gainera, paperak. Eta nago ni, Panama Karibe aldeko herrialde beroa izanda, zer ez da gertatuko etorkizunean, beroketa globala gogoan? Alegiazko errealitatea.

Ama, ama!