Maider IANTZI

LANBIDE HEZIKETAKO IKASLEAK, ELKARLANEAN EGIAZKO ERRONKEI HELTZEN

Zubiri Manteo, Don Bosco eta La Salle Berrozpeko ikasleek sortutako eOntziak, edukiontzi adimendunaren prototipoak, interes handia piztu du pil-pilean dagoen arazo bati erantzuten diolako. Baina emaitza baino interesgarriagoa da egin duten bidea.

David Muñoz Don Boscoko irakaslea, Iñaki Rodriguez, Jon Alvarez eta Ibon Taberna Errenteriako zentroko ikasleak, Josema Fernandez La Salle Berrozpeko irakaslea eta Mikel Diez bertako ikaslea bildu dira GARArekin Andoaingo ikastetxean. Baina izen gehiago daude proiektuan: Donostiako Zubiri Manteoko Sonia Ortiz de Arri irakaslea eta Ierai Elizondo eta Chris Kwiatkwoski ikasleak, eta La Salleko bertze bi ikasle, Jonathan Arizala eta Medhi Amara.

Irakasleek elkar ezagutzen zuten eta, gainera, La Salle Berrozpe eta Don Bosco batera lan eginak ziren elektronikan. Gailu elektronikoak Internetera konektatzean, gauzen Interneta deitutakoan, informatikariekin eskuz esku lanean hasi ziren. Hala sortu zen elkarlana Zubiri Manteoko ikasleekin.

Lanbide Heziketako (LH) bi ziklo batu ditu eOntziak: Web Aplikazioen Garapena eta Mantentze Lan Elektronikoa. Bigarren kurtsoko ikasleek parte hartu dute. «Helburua ez zen konpetentzia teknikoa soilik, transbertsalak ere landu nahi genituen: talde lana, ekintzailetza, autonomia… enpresetan eskatzen direnak», adierazi dute irakasleek guztiak mahaiaren bueltan batu direnean. Bitxia da une batzuetan ez ditugula irakasleak eta ikasleak bereizten, gaur egungo LHn rolak aldatu diren seinale.

Kontatu digutenez, ikasleak jada hasi dira praktiketan. Bigarren kurtsoa laburragoa da, dagoeneko bukatu dituzte eskolak, eta eOntzia ziklo amaierako proiektua izan da. Mikel Diezen ideia izan zen edukiontzi berezi hauek sortzea, zaborren kudeaketa eraginkorra bilatuz. Hainbat proposamenen artean hauxe aukeratu zuten, beharrizan sozial bati erantzuteko. Egiazko beharrak asetzen saiatzeak motibatu ditu gazteak.

Klasean duten edukiontzi adimenduna sortu duten webgunearekin konektatu dute. Dispositibo elektroniko bat du erabiltzaileak, hondakinen ezaugarriak… identifikatzeko, baita edukiontzi hurbilenak ere. Herritarrei laguntzen die zeintzuk dauden beteta eta zeintzuk ez eta bota nahi duten zaborrarentzat egokiena zein ontzi den jakinaraziz.

Diseinatu duten prototipoak funtzionatzen duela frogatu dute. Aukera ugari ematen ditu; aplikagarria da edozein sistematan. Jendearen ohiturak ezagutzeko eta aurreikuspenak egiteko balio du. Adibidez, landa gunean dagoen edukiontzi baten betetze maila jakinez kamioia egunero pasatzea ekidin daiteke.

Edukiontzi bat noiz bete daitekeen gehien ere aurreikus daiteke, esate baterako udan, Zarautz bezalako herri turistiko batean. Auzo berri bat sortzen bada ere praktikoa izan daiteke, hiru hilabetean ikus daitekeelako joera.

Edukiontziak bi modutara konektatzen ahal dira webgunearekin: wifi bidez edo telefono mugikorraren bidez. GPSa ere badute. Komunikazio sailean lehenbiziko saria irabazi du eOntziak Zaragozan egin den Don Boscoren 29. lehiaketan.

«Prototipo bat da –argitu dute–. Gure helburua ikastea da. Gero egin daiteke beste ibilbide bat, norbaiti ideia gustatu eta diru-laguntzarik emanez gero. Hala balitz, gu prest». Sarean jarri dute eskuragarri: http://eontzia.zubirimanteoweb.com/info.html.

Ongi komunikatzen ikasi

Proiektua bukatuta batez ere zerekin gelditu diren galdetuta, hala erantzun digute: «Elektronikaz ikasitakoaz gain, ongi komunikatu gara. Ikastetxe eta arlo desberdinetako ikasleak batera joan gara. Elkarlanean aritzen ikasi dugu eta, gainera, benetako proiektu batera hurbildu gara».

Oraingoz, ikasturtez ikasturte jarritako erronka guztiak gainditu dituzte. «Hasieran NASAn lantzeko moduko ideiak izaten dira, eta gero mugatzen joaten gara», diote maisuek irriz. Garrantzitsuena bidea da. «Ez dugu soluziorik. Ikasleen maila berean jartzen gara. Beraiek aukeratzen dute ze elektronika landu. Ikasketa biok batera egiten dugu».

«Batzuetan irakasleek baino azkarrago aurkitzen ditugu soluzioak», adierazi dute ikasleek. Irakasleek arrazoia ematen diete buruarekin. eOntziarekin batera, proiektu gehiago egon dira martxan. Klasea laborategi bat da. «Zerbait ateratzen ez bazaizu, soluzioa eman beharrean saiatzera bultzatzen zaituzte. Hasieran frustragarria da, baina tresnak hartzen dituzu borrokatzeko», agertu dute gazteek.

Patxadaz segitu dute LHz solasean, baita etengabe aldatzen doan jendarteaz eta lan aukerez ere. Eta hainbat elkarrizketatan aditu dugun ideia errepikatu dute: jendeak LHren bertze irudi bat du oraindik. «Industria zikinarekin eta mundu ilun batekin lotzen du. Baina aspaldi aldatu zen; teknologia aurrerapenekin enpresek aurrerapauso izugarria eman dute». Irudi oker horregatik-edo, neskek ez dute aukeratzen, eta bai enpresek bai eskolek deialdia egiten diete.