GARA
DONOSTIA

Barnetegien eskaintza agertzeko bideo-erreportajea egin du AEK-k

Dokumental gisara osatu du AEK-k zenbait ikasleren esperientzien berri ematen duen erreportajea. Iaz hainbat mota desberdinetako barnetegitan oporrak igaro zituzten pertsonak aurkezten dizkigu «Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko» bideoan.

Tobar-Remiro familiak Zugarramurdiko familia-barnetegian igaro zituen iaz oporrak, Ana Perezek barnetegi ibiltaria egin zuen eta Dabid Romerok Arantzako zentroan egin zuen egonaldia. Horiek bizi izandakoen berri emango du AEK-k, Ahotsak proiektuaren laguntzarekin, egin duen “Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko” bideo-erreportajean.

Barnetegien funtzioa urtean zehar euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzea da, pixkanaka eta ia konturatu gabe, 24 orduz euskaraz bizi ahal izateko. Izan ere, AEKren ustez, euskara ikasi nahi duten pertsona helduak euskaraz hitz egiten dutenei entzun behar die, horiekin hitz egiten saiatu behar du, jolastu eta gauzak euskaraz egin. Zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta hobeto, eta «gustura eginez gero, asko hobeto», zehazten dute.

Udan, oporrak direla eta, jendeak denbora gehiago izan ohi du euskara ikasteko eta horretarako leku aproposenak euskara barnetegiak dira, entzun eta praktikatu nahi dutenentzat.

Gauza guztiekin gertatzen den bezala, barnetegietan ere aukera desberdinak izaten dira eta horietako batzuk bildu dituzte erreportajean. Jasotako esperientziak iaz filmatutakoak dira.

Esperientziak

Tobar-Remino familia Zugarramurdiko familia-barnetegira joan zen. Familian euskaraz aritzeko aukera paregabea izan zen hura bai gurasoentzat bai umearentzat. Azken honek, gainera, primeran pasatu zuen begiraleek prestatutako jardueretan parte hartuz.

Ana Perezek, berriz, Euskal Herria bizikletaz zeharkatu zuen. AEKk azaldutakoaren arabera, bi barnetegi ibiltari mota daude; filmean ikusten dena eta oinez egiteko beste bat.

Dabid Romerok, ordea, Arantzako barnetegian igaro zuen uda. Zentroak 20 urte betetzen zituenez filmaketaren unean, eskolak eskaintzeaz gain jarduera bereziak ere egin zituzten.

Parte hartzaileetako batzuk aspaldian barnetegian ibiliak ziren eta, bideoan aipatzen duten bezala, oso gogoan dute garai hartako egonaldia eta horren bidez euren euskararen ikasketari emandako bultzada ere.