Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

SOS errefuxiatuak

Nork bere gerrak bizi ditu barruan; gutxi izaten dira bolada baketsuak. Ez dut esango ez denik latza, nor bere buruarekin borrokan aritzea, aurrera behar den moduan egiteko indarrak nondik atera asmatu ezinik. Gogorra da, bai; are gogorragoa zure herrialdea bonbardaketa-festa hutsa baldin bada, etengabeko sarraskitik eta harrapakeriatik bizitza salbatzeko ihes egin beste erremediorik ez baduzu. Nora, nondik, nola apenas antolatu gabe, izututa; bidean, helmugan, zer topatuko duzun ez dakizula, herrialde eta pertsona abegikorrak izan daitezen esperantza ezinbestekoarekin, desesperatuarekin. Urik gabe, janik gabe, hotzez, minez, beldurrez… tristurak txikituta. Horixe da benetan gerra, eta horiek muturreko ankerkeria horren biktimak: gizonezkoak, haurrak, emakumezkoak –betiere, gainera, gerrako beste arma bat gisa indarkeria sexualaren jomuga azken horiek, kanpoko infernua betiko barnekoa ere bilakarazita–.

Egunero izaten ari gara gizonezko, haur eta emakumezko horien exodoaren berri, siriarrena. Telebistan ikusten ditugu irudiak, adierazpenak, estutasuna. Ikusten ditugu siriarron gorputz akitu, ihartu eta zikinak, eta haien begirada hitsak, bizirik daudenean. Hildakoez, horien zero ugariko kopuruaz, nahiago dugu ez pentsatu. Nahiago dugu hori guztia azaletik jakin. Nahikoa dugu-eta nork bere barneko borrokarekin, eguneroko bizimodua delakoarekin. Zilegi da, bai, baina ulergaitza ere bai gerra bat bizitzea zer den irudika dezakeenari zuntzik ez mugitzea errai horietan, munduko biztanle kontzientzian. Are gehiago, Europako epelean bizi izanda Europako Batasuna errefuxiatu horiei ematen ari zaien erantzuna ikusita, irtenbide lotsagarria. Errefuxiatuok, ordea, herrialde eta pertsona abegikorren ezinbesteko esperantzaz daude… biziraun ahal izateko.

Irudika ezazu minutu batzuez zeu zarela errefuxiatua, jar zaitez segundo gutxi batzuez telebistan ikusten dituzun pertsonen (ez zenbakien) azalean: nahi zenuke munduko agintariek zure eta zure modukoen gaineko erantzukizunez jokatzea, eta nahi zenuke herrialde baketsuetako herritarren laguntza, elkartasuna, harrera ulerkorra, behintzat. Nahi zenuke oraindik indartsu daudenek zure alde egitea, zure herrialdea akabatzen ari direnak salatzea. Nahi zenuke bakarrik sentitzeari uztea. Bada, baduzu aukera xumea, baina inportantea, horretan laguntzeko, alegia, elkartasuna adierazteko eta siriarrekin egiten ari den basakeria salatzeko. Larunbatean, Bilbon: SOS Errefuxiatuak.