GARA
BILBO

Hainbat mendekotasun mota aztertu dituzte Osasun Biltzarrean

Mendekotasun substantziadunak (drogak), substantziarik gabeak (teknologiak, jokoa, emozionala) eta soziosanitarioak (adinekoena, gaixoena) aztertu dituzte Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) biltzarrean. 210 lagunek hartu zuten parte atzo eta herenegun Bilbon egin ziren mahai-inguru eta ekintzetan.

Lehenbiziko solasaldian, droga berriak, patologia duala (aldi berean adimen arazo bat eta droga menpekotasun bat duten pazienteak) eta koma etilikoa izan zituzten mintzagai. Bigarrenean, substantziarik gabeko menpekotasunen atalean, telefono mugikorra erabiltzen ikasteko beharra azpimarratu zuten, eta, hirugarrenean, adinagatik edo gaixo daudelako menpekotasuna duten pertsonez jardun ziren. Gizartearen zahartzearen aurrean eredu berria behar dela aipatu zuten, arlo guztietan.