Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Hormak sastaka

Arraioa! Batzuetan fundamentuzko mintzagairik ez eta besteetan pilaka. Gaurkoan ekarri nahi nuen emakumeoi andrazko izate hutsagatik betidanik zintzilikatu izan dizkiguten ezaugarrietako bat. Bereizgarri okerrenetan okerrena, nire iritziz, eraginkor bezain gezurrezko eta maltzurrena. Irakurgai jarri gura nuen behingoz desegiten laguntzeko eta, batik bat, gu geu kontrakoaz gehiago jabe gaitezen sustatzeko, gure jabekuntzaren kontrako arma gisa erabiltzen dena gure arteko itsasgarri bilaka dezagun. Hurrengorako utzi beharko, ordea (barkatuko didazue aipatu ere ez egitea, karaktere kopuru mugatua errudun).

Izan ere, pareta batean eginiko pintada garbi zilegi batek eragindako zikinkeria bidegabeak hankaz gora jarri dit arestiko asmoa. Euskal Herriko horma batean, herritar askoren adierazpen eta aldarrikapen politikoen lursail oparo horietako batean, «tortura» berba agertu da: beltzez, marra gorri batez ezabatua, ondoan behin sinadura izandako aztnugal –alegia, laguntza– daramala. Idazleak atxilotu egin dituzte, Guardia Zibila iraindu izana egotzita. Guardia zibila izan ala ez, torturatzaileak ditu jomuga pintadak, tortura beren eguneroko jardunbide dutenak; salatu nahi ditu horiek eta tortura behin betiko erauzteko ahalegin zein erabakimenik eza. Guardia Zibilak jakingo du zergatik sentitzen den horregatik laidotua; berau osatzen dutenek eta euren sustatzaile nahiz aldekoek jakingo dute zergatik jartzen dituen hain deseroso, hain oldarkor, eta zergatik jarraitzen duten desobedientzia zibila kriminalizatzen, aktibista baketsuak eta ingurukoak indarkeriaz blaitzen. Nahikoa diote erreakzio horrekin.

Pentsarazten dit zer-nolako jendarte baldarra garen, aldarrikapen-pintada feministekin gauza berbera gertatzen delako beti: gizonezkoak, oro har, deseroso sentitu ohi dira pareta publikoetan ikusi bezain laster. Ez dute gustuko «Feministok prest» edota «Chavala, espabila, el cerebro no se depila» edo «Hoy me quito la corona y me pongo más cabrona», esaterako; erasota sentitzen dira, kolektibo gisa, emakumeon ahalduntzeak irainduta eta batasunak kezkatuta. Guardia Zibila bezala, ezgai tortura egon badagoela –ondorioz, torturatzaileak ere bai– onartzeko eta horren kontra ari direnen alde egiteko edo, behintzat, bakean uzteko, gizonezko eta mutiko gehienek halaxe jokatzen segitzen dute emakumeon borrokarekiko: alea bihitik bereizteko ahalegina ez egitea erabakita.