Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Atomoak sortzen

A urreko astean zera idatzi nuen: «Gaurkoan ekarri nahi nuen emakumeoi andrazko izate hutsagatik betidanik zintzilikatu izan dizkiguten ezaugarrietako bat. Bereizgarri okerrenetan okerrena, eraginkor bezain gezurrezko eta maltzurrena». Alegia, andrazkoak harpia hutsak garela geure artean, maltzurkeria eta bekaizkeria barra-barra darizkigula gure arteko harremanetan. Ez omen gara guztiz zintzoak elkarrekin, lehia sortu bezain laster: zein ederrena, zein azkarrena, zein desiratuena, maitatuena, modernoena, zeinek bizimodurik miresgarriena, eredugarriena... aitzakia baliagarria edozein elkar larrutzeko. Berezkoa ei dugu emakumeok, eutsiezinezkoa, goiz ala berandu gure parekoak etsaitzat jotzeko joera. Hori guztia bizitza pertsonalean, ez hala profesionalean, lehiakorrak bezain handinahiak garelako axiomak bilduta, huraxe delakoan zain eta muin defendatu beharreko geurea: bikotea, familia eta lagunartea.

Ahizpatasuna errotik zapuzteko trikimailua besterik ez da, ezin baita hura sumatu, elikatu eta sendotu lehiakortasun eta mesfidantzazko giroan; ez, behintzat, familiaz kanpoko ahizpatasun positibo eta eraikitzailea, jatorri, iritzi, asmo eta jokamolde desberdinetako emakumeok sare dezakeguna, aurreiritzirik gabe, gure ingurune gertukoenean nahiz harago. Hain zuzen ere, elkar hartze hori, denborak-lekuak-gogoetak-ekintzak partekatze hori, ez datzalako berdin-berdinen arteko elkarketan, norabide bakarra ezartzeko edota andrazkooi dagokigun guztian azken hitza esateko, eta are gutxiago inongo ghettorik babesteko. Ahizpatasunak, anaitasunak edota neba-arrebatasunak bezala, funtsezkoa du besteari begietara begiratzea, ez gainetik eta ez azpitik, maila beretik baizik. Sentituko badugu, garatu eta indartuko badugu, ezin diogu elkarri zeharka begiratu, ezin gara aritu urrun gaitzaketen aldeak bilatzen, elkarrengana hurbiltzen guri buruz jendartean ezarritako aurreiritzien arabera. Are okerrago, guk geuk sinetsita ez dugula gaitasunik elkar ulertzeko, ez garela kapaz eskuz esku emakume-mota ororekin gauza handiak egiteko, eragiteko.

Arestiko errotu hori da sineskeriarik eraginkorrena, eta elikatuena, ahizpatasunaren kontra, emakumeok atomizatu egiten gaituelako eta, halaxe, esparru pribatuenera mugatzen dituelako sentimendua eta ekar dezakeena. Hona beste bat, are errotuagoa: ahizpatasunkeriak, feministen kontua besterik ez. Atomoa areago atomizatzeko amarrua.