A. M.
BAIONA

Biziko bozeramailea polizia etxera deitu dute

Joan den urteko uztailaren 20an, egun batzuk lehenago Baionatik Estatu frantses osoa bizikletan zeharkatzeko abiatu zen Alternatiba birak Altsaziako Fessenheim herriko zentral nuklearraren aitzinean geldialdia egin zuen. Bertan, Txetx Etcheverry Biziko kideak hitzartzea egin zuen komunikabideen aurrean, energia nuklearra salatu eta berau garatzeko ezartzen diren dirutzak xahutze energetikoren kontrako politikak edota energia berriztagarriak sustatzeko ez erabiltzea deitoratuz. Era berean, nuklearraren aldeko lobbyei leporatu zien François Hollandek ixtea agindu zuen zentrala oraindik ere zabalik izatea.

Behin ekimena amaituta bizikletak hartu eta beren bideari ekin ziotelarik, jendarmeek ekintzaileak identifikatu nahi izan zituzten kontrol batean. Baina protesten aurrean, pasatzen utzi zieten.

Maiatzaren 10ean

Orain, berriz, gorabehera haien harira galdekatzeko Baionako &bs;polizia etxera deitu dute Etcheverry maiatzaren 10erako.

«Adierazpen askatasunaren kontra doan deialdi surrealista» salatu du Bizik eta bere kidearen kontra inolako ondoriorik ez dezan izan espero du. Deialdiaren karietara, 09.45ean hitzordua eman die «gaitzitutako pertsona solidario orori» polizia etxearen aurrera azaltzeko.