Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Gure Esku Dago

Erabakitzeko eskubidearen lehen olatua, ekainaren 5ean

Ekainaren 5era aurreratu dute euskal estatuari buruzko galdeketa Gipuzkoako dozenaka herritan, Aramaion eta Ispasterren. Diman eta Bakaikun azaroan izango dute kontsulta.

Ekainaren 5ean egingo dute 34 herritan euskal estatuari buruzko herri galdeketa. Ekainaren 12an eta 19an zuten hitzordu hori gehienek, baina Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina dela eta, aurreratu egin behar izan dute data. Egun horretan Goierri eta Debagoiena eskualdeetako herrietan, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren egingo dituzte galdeketak.

Diman eta Bakaikun, ordea, azarora atzeratu dute ekimena, udazkenean herritarren borondate eta parte hartzea handiagoa izan daitekeela iritzita.

Herri horiek izango dira «lehenengo olatuan» parte hartuko dutenak, baina atzetik beste herri batzuk gehituko zaizkie. Atzo Donostiako Zurriolako hondartzan Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek, Gure Esku Dago-ko bozeramaileek, esan bezala, «datorren urterako dozenaka herritan galdeketak egiteko prozesuak martxan jarri dira». Gainera, aipatu zuten erabakia gauzatzera iristen diren arte, urrats gehiago ere egingo dituztela beste herri askoren adierazpenak eskuratuz. Hala, erabakitze eskubidearen aldeko olatu gehiago iristen joango dira.

Helburua 2018ra bitartean akordio zabal bat erdiestea da «3.000.000 biztanleko herri honek bere etorkizunaz libreki erabaki dezan. Erabakitzen hasi gara», bota zuten ordezkariek labur-labur.

Horiekin ziren ere Oiartzualdeko eta Ezkerraldeko kideak, Imanol Esnaola eta Xabier Martinez, hurrenez hurren. Eskualde horietan ez dute galdeketarik egingo aurten, baina etorkizunari begira daude. Oiartzualdean 2017ko martxoaren 19an finkatu dute hitzorduetako bat, eta jada Adosgunea izena daraman lantalde bat osatu dute, hori posible egiteko. Talde horretan sentsibilitate politiko, sozial eta kulturala eta adin zein generoa kontuan hartu dute.

Ezkerraldean oraindik ez dute galdeketarako egunik zehaztu, baina hori gauzatzeko prest daudela erakutsi dute. Eskualdeko egoera soziopolitikoa aintzat hartuko duen adierazpena osatzen dihardute eta ekainera begira hori adostu eta aurkezteko asmoa dute.

Lau bozeramaileen atzean, hondartzan, aurreneko olatu honetan galdeketak prestatuko dituzten herrietako 130 ordezkari inguru zeuden, euripean. Horrek eragotzi zuen prentsaurreko luzeago bat eskaintzea, baina eguraldi kaskar samarra izanda ere, bertaratutakoek ederki zabaldu zuten zabaldu beharreko mezua. «Ekainak...» esaten zieten Kursaaleko terrazetatik, eta haiek «bost» erantzuten zuten eskuko hatzekin zenbaki hori adieraziz. Keinu hori, gainera, Gure Esku Dago dinamikaren sinbolo bilakatu da dagoeneko.

Olatuak ere egin zituzten, noski. Hori ere mugimenduaren sinbolo bilakatu da ia-ia, egiten dituzten ekimen guztietan alaitasuna eta festa giroa nabari delako, eta olatuak nonahi agertu ohi direlako.

Nabarmentzekoa da orain arte egin duten lana. Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea izan zen lehenengo pausoa. 150.000 pertsonaren parte hartzeari esker lortu zen hori gauzatzea.

Ondoren, Zurriolan bertan mosaiko erraldoi eta ederra osatu zuten. Hotz egiten zuen eta ia hiru orduko lana izan zen. Hala ere, behar zirenak baino pertsona gehiagok eman zuten izena azken unean. Eskoziako erreferenduma irailean egitekoa zenez, harekin gogoratu ziren eta hautetsontzi erraldoiarekin batera, Eskoziako bandera irudikatu zuten eskoziarrak zoriontzeko. Bandera katalana ere osatu zuten, erabakitzeko eskubidearen bidean aurrerapausoak ematen ari direlako.

Iazko ekainean Euskal Herriko bost hiriburuetan egindako ekitaldietan koloretako oihalak izan ziren protagonista. Azaroan, berriz, Eskura hausnarketa prozesuari ekin zioten. Oihalak ehundu zituzten, pausoak adostu eta orain, atzo, erabakitzeko unea dela aldarrikatu zuten Donostian.

Elkar onartu, elkar errespetatu

Prentsaurrekoa uste baino motzagoa izan zenez, ondoren ohar bat igorri zuten esandakoa zabaltzeko eta hobeto azaltzeko. «Erabaki ezinak, erabakitzeko eskubidearen inguruko desadostasunak, eragin du Espainiako erakundeen krisia. Hauteskundeak deitu behar izan dituzte horregatik. Gurean, berriz, Katalunian bezala, gizartearen gehiengo oso zabala erabakitzeko eskubidearen alde dago eta normaltasun osoz eman nahi diogu bidea borondate horri», zioen testuak.

Helburua desberdin pentsatzen dutenekin elkarrizketa hastea da, elkar onartu eta errespetatzeko, «erabakitzeak egiten gaituelako herri». Elkar ulertze horregatik ere galdeketak hauteskunde kanpainatik kanpo kokatu nahi izan dituzte.

Nahiz eta ekainaren 5eko galdeketak, herri kopurua handia izango dela-eta, deigarriak izango diren, ez da ahaztu behar ez direla pauso hori ematen lehenengoak. Izan ere, iaz Etxarri Aranatzek eta Arrankudiaga-Zollok erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten.

«Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»; hori izango da herritarrek erantzun beharko duten galdera. Bai ala ez; euren erabakia izango da. Antolatzaileek galdeketetan parte hartzeko deia egin zuten eta azaldu zuten «berme juridiko guztiekin eta galdeketa prozesu osoaren zilegitasuna bermatuz» gauzatuko direla.

 

Bakoitza bere erritmora

Eskura prozesuan jarraibide batzuk zehaztu zituzten 2018ra begira. «Gure Esku Dago Euskal Herri osoan ari da urratsak egiten hurrengo bi urteetarako aurreikusi dugun plangintza gauzatzeko –azaldu zuten oharraren bidez–. Tokian tokiko errealitatearen arabera goaz aurrera, nahikoa adostasun dagoen lekuetan galdeketak sustatuz, eta ez dagoen eremuetan galdeketak posible izan daitezen adostasunean urrats sendoak eginez».

Hala, nork bere eremuaren neurrira, ekainean denek emango dute pauso bat; batzuek galdeketak prestatuz, beste batzuek hurrengo urterako kontsulta iragarriz eta azken batzuek prozesu honen aldeko adierazpenak plazaratuz.

Gaur-gaurkoz badaude 2017an galdeketa egingo dutela esan duten eskualde eta herri batzuk. Horien artean daude Oiartzualdea, Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Uribe Kosta, Usurbil eta Hernani. Bigarren olatu hau hazten joango da datozen hilabeteetan, herriek ekimenarekin bat egiten duten heinean.