GARA
IRUÑEA

Sakanan 2008tik aurrenekoz gora egin dute Gizarte Segurantzako afiliazioek

Langabeziak behera egin du eta afiliazioak gora. Hala, eskualdean enplegua sortzen ari dela uste du LABek, baina kezkatzeko datuak ere eman ditu. Sakanan lan bila ari direnen %60 emakumeak dira eta horien kontratazioen %30 soilik dira kontratu mugagabeak.

Krisiak bereziki astindu du Nafarroako Sakana eskualdea 2008az geroztik, eta lanpostuen zenbatekoan ez ezik, lan baldintzetan ere izan du eragina. Horrenbestez, baita bizi-baldintzetan ere. Hala ere, badira pozteko datuak ere. LAB sindikatuak zabaldu dituen datuen arabera, zortzi urteko epean lehendabiziko aldiz Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopuruak gora egin du. «Horrek Sakanan enplegua sortzen ari dela esan nahi du», adierazi du sindikatuak.

Langabeziak behera egin du nabarmen eta, martxoan, 1.259 pertsona ari ziren lan bila. Arrazoien artean eskualdearen kokapen estrategikoa aipatzen du LABek, lana topatu duten askok inguruetako bailaretan aurkitu dutelako: Iruñerria, Goierri eta Aralarko lautada. Kanpora joan behar izana saihestu arren, oraindik egiteko «asko» dagoela ohartarazi du.

Sektorez sektore begiratuz gero, industria izan da, «berriro ere, enpleguaren motorra», grafikoan ikus daitekeenez. Ez du garrantzia gutxiago metalgintzak, sektoreak izan duen hazkundea «oso adierazgarria» dela uste baitu sindikatu abertzaleak. Datuek erakusten dutenez, 2015ean 1.746 lanpostu izatetik aurtengo urtarrilean 2.266 langile izatera igaro da sektorea.

Zenbait datu kezkagarri

Kezkatzeko datuak ere eman ditu. Lehena, langabetuena: 1.259 pertsona Sakanan soilik. Gainera, hamarretik sei emakumezkoak dira eta lan bila ari direnen ia erdiek (%48) 45 urte baino gehiago dituzte.

Kontratuen iraupena da hausnartzeko beste datu bat. Azken hiruhilekoan batez beste 609 kontratu egin dira, baina horietatik %7,9 dira soilik mugagabeak. Hemen ere kaltetuenak emakumezkoak dira, hauei egiten zaizkien hamar kontratutik hiru baino ez direlako mugagabeak.

Industria enpresa «askotan» ohikoak ei diren ordu estrak eta malgutasun neurriak ere salatu ditu. Langileak «lanordu gehiago egitera eta gutxiago kobratzera behartuta» daudela salatu du. Hala, lanaren banaketaren alde, 35 orduko lan astearen alde egin eta ordu estrak ez egiteko eskatu du, «enplegu sorrera ekarriko lukeelako horrek».

Gamesako gatazka, amaitutzat

Epaitegiak onetsitako kalte-ordainaren kobrantza gauzatu ondoren, bukatu egin da gatazka juridiko-sindikala, alegia, Gamesak 2010ean, alde bakarretik, Altsasuko lantegia itxiko zuela iragarri zuenean hasitako gatazka.

ELAk adierazi zuenez, «hasiera-hasieratik» aldarrikatu zuen «ez zegoela batere arrazoirik, logika, antolamendu, ekonomia eta ekoizpen aldetik, lantegi hori ixteko». Sindikatuarentzat pozgarria izan da ikustea lan-erreformaren eta enpresaren jokabidearen gainetik «merezi izan duela antolatzeak eta gure eskubideen alde borrokatzeak».