Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gizonezkoak barne

Lola Herrera aktore espainiarrari irakurri diot, elkarrizketa batean, ez duela ulertzen zergatik ezkontzen diren egungo emakume gazteak. Ez du esan ulergaitza zaionik gazteak, beste barik, ezkontzea; emakumeen aldetik baino ez omen dio atentzioa ematen. Izan ere, azaldu du, bera gaztea zeneko garaian, andrazkoak behin eta betiko ezkontzen zirela, horixe zelako jendarte-eredu hartan espero zena haiengandik; alegia, andrazkoa gizonezko baten emazte eta beraren etxeko andre izatea. Orain, ordea, askatasun handiagoa omen dute neskek; beraz, besteak beste, inoren emazte izan ez arren, ez dira jendartetik baztertuta geratzen, inork ez die gaizki so egiten. Halere, ezkondu egiten dira, Lolaren txundidurarako: «Zer dela-eta, egun batez mozorrotzearren? Aparteko festa egitearren?».

Kasu askotan, litekeena da arrazoi horiengatik ezkontzea batzuk (gizonezkoak barne), egun bakar batez zer edo zer eder eta alaiaren erabateko protagonista izateko, eta muxuak, besarkadak, hitz politak eta opariak barra-barra jasotzeko. Ezin uka pertsona askorentzat (gizonezkoak barne) eutsi ezinezkoa dela bikotekideagatik sentitzen duten maitasuna lau haizetara erakustea, ahalik eta publikoen eta ofizialen bihurtzea eta aditzera ematea. Beste askok ez dute horretarako beharrik; ezkontzen dira, bai, baina suzko erroberarik gabe, kontratua bera eskuratzearren, legeak ahalik eta babestuen sentitzeko-edo (gizonezkoak barne). Azkenik, ez festa ez kontratu ez ezer ez dute nahi beste hainbestek, maitatu eta elkarrekin egon, besterik ez (gizonezkoak barne).

Zein da arazoa horrekin –galdetzen diot neure buruari–, ez bada, ezkonduta egon ala ez, senar-emazteen rolak ez direla ustez jendartea bezainbeste aldatu. Izan ere, tradizioei eta balioei dagokienez, esaterako, gertatu da aurrerapauso handirik gizon eta emakumeen barruan? Egungo gazteek, inguruko heldu horien aldetik ikusten-entzuten-hautematen dutena oinarri, nahi izango dute bestelako bikote-bizimodurik probatu? Horixe baita koska: ez da nahikoa emakumeon ikuskera eta jokabidea aldatzea, jendartea osatzen duten beste erdiek berdin-berdin jarraitzen badute barrenean lehengoa nahi izaten, lehengoa nolabait ezartzen. Kezkagarria ez da jendeak (berriz diot: gizonezkoak barne) ezkontza-egarria izatea, baizik eta bikotekide-harremanetan oraindik ere estatus-mailak bereizten jarraitzea, jendartean maitasunezko harreman-mota bakarra sustatzen jarraitzearekin batera. Ezkonduta izan ala ez, finean, anekdota hutsa da.