GARA
BILBO

«They are Watching», AEBetako realityei kritika garratza formatu odoltsuan

Bilboko Zinemaldi Fantastikoko Sail Ofizialaren barruan lehiatzen den «They are Watching» filmaren, Jay Lender eta Micah Wright zinemagile estatubatuarren beldurrezko komediaren, Estatuko estreinaldia Fanten baitan egin zen atzo gauean, Alondegiko Golem aretoetan. «Bob esponja» marrazki bizidunen sortzaileak dira bi egileak eta etxebizitzak zaharberritzeari buruz AEBetan egiten diren saio ezagunak ditu hizpide film berriak, odol aztarnak tarteko.

“They are Watching” lanean Micah Wringht eta Jay Lender gidoilari eta zuzendariek hankaz gora jarri dute beldur klasikoaren premisetako bat, generoari bira freskoa eta dibertigarria emateko. Etxebizitzak zaharberritzeari buruzko Estatu Batuetako telebista saio batek Europa Ekialdeko urruneko herri bat bisitatzen duenean hasten da dena. Taldeko kide gazteek euren arazo nagusiak moka-kafe izenekoen eta doako wifiaren falta izango direla uste dute. Baina filmatze lanek herriko biztanle sinestunen erlijio erritual pribatua eteten dutenean, egoerak bira hiltzailea izango du... eta odola agertzen hasten denean, gauzak eraldatu egingo dira. «Filmaren tramak ez dauka guztien heriotzarekin zerikusirik, baizik eta pertsonaia bakoitzaren historia kontatu nahi du. Kontua ez da bakarrik hasieratik sustoak ematea», esan zuen atzo Jay Lenderrek. «Kasualitatez –gaineratu zuen– amaieran denak hiltzen dira».

«Funtsean, Estatu Batuetan mota horretako programak nola egiten diren salatu nahi du filmak, oso ezagunak diren formatuak dira eta audientzia handiak dituztenak», gaineratu zuen jarraian serioago Micah Wrightek.

Micah Wrightek eta Jay Lenderrek lizentziatu berriak zirenean ezagutu zuten elkar, telebistarako animazioan lan egiten zuten bitartean. “Bob esponja”, “The Angry Beavers”, “Hey Arnold!” eta “Phineas and Ferb” bezalako saioetarako idazten, zuzentzen, sortzen zuten eta saio horietarako abestiak ere idazten zituzten. 50 bideo-joko baino gehiagotan aritu izan dira idazten eta diseinatzen, sei eleberri grafiko eta hainbat film idatzi dituzten, eta bi sari ere irabazi dituzte Samsung etxearentzat egindako lanagatik.

Bilbotarren lana

Bestalde, Fantek emanaldi berezi bat jasoko du gaur; hain zuzen ere, Guillermo Julian eta Roman Santiago bilbotarren lehenengo film luzea, “Rendezvous”. Natalia de Molina du protagonista lan berriak eta antzezleen artean dira Iñaki Urrutia, Santi Ugalde, Lander Otaola eta Xabier Perurena, besteak beste. Filma Alondegiko Golem zinemetako lehenengo aretoan eskainiko da gaur, arratsaldeko zortzietan. Pertsonaia sare baten bitartez, gizakiak bere alde ilunenarekin duen harremana agerian utzi nahi duen zientzia fikziozko filma da.

Gaur, halaber, arratsaldeko 17.45etik aurrera, Fantek Mark Hartleyk 2014an zuzendu zuen “Electric Boogaloo: La loca historia de Cannon Films” dokumentala eskainiko du. Sail Ofizialeko emanaldiak Jeremy Saulnierren “Green Room” filmarekin itxiko dira (22.15).