GARA
DONOSTIA

Erraustegiaren ondorioei buruzko jardunaldia egingo dute larunbatean Hernanin

GuraSOS taldeak, Zubietan egitekotan diren errauste plantak umeengan izango dituen eraginengatik kezkatutako guraso taldeak, jardunaldia antolatu du datorren larunbaterako Hernaniko Orona-Ideo gunean, gai honi buruz gizartean elkarrizketa bultzatu eta osasungintzako profesionalen arteko eztabaida guneak bideratzeko.

“Erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondorioak” izenburupean, gurasoak, familiak, osasun komunitatea eta hezkuntza komunitatea bildu nahi dituzte ekitaldian. Haur eta gaztetxoentzako jarduerak eta jolasak ere prestatu dituzte (aisialdiko monitoreak egongo dira), eta, «beraz, familia guztia etortzeko plana izango da», taldeko kideek atzo adierazi zutenez.

Hondakinak errausteko plantek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei, jendartean elkarrizketa bultzatu eta osasungintzako profesionalen arteko eztabaida guneak eratu. Horretarako mediku eta zientzialariak elkartuko dituzte bertan.

Jardunaldia 16.30ean hasiko da, erraustegien eraginei buruz argitaratu den informazio zientifikoaren azterketa eginez, bereziki puntu hauek landuz: gai arriskutsuen metaketa eta sakabanaketa ingurunean, hondakin mota ezberdinek sortzen dituzten gai arriskutsuen identifikazioa eta eraginak, eta kaltetutako biztanleengan sortzen dituzten patologiak. Fernando Palacios Ikerketa Zientifikoen Goi Zentroko zientzialaria (CSIC) izango da hizlaria. Jarraian, 17.30ean, erraustegiak osasun publikoan dituen eraginak azalduko dituzte.

Gero, 18.15ean, hiru foro izango dira aldi berean: ikerketa eta osasun arloko profesionalena, hezkuntzako profesionalena, eta gizarte foroa. Amaitzeko, 19.00etan, batzarretako ondorioak azalduko dituzte.