GARA
DONOSTIA

Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena uztartzeko ahalegina

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Donostiako Udaleko Kultura zinegotzi Miren Azkaratek atzo iragarri zutenez, ordezkatzen dituzten bi erakundeak hiriko Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena uztartzeko prozesua aztertzen ari dira. Azaldu zutenez, liburutegi bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, «zerbitzuak eta eskaintza asko bikoiztu egiten dira. Liburutegien zeregin eta etorkizun aldaketa garaia izanik, ekoizpen eta difusio forma berriak daudenez liburuaren munduan, ezinbestekoa da egungo modeloak berriz pentsatzea eta balizko aliantzak aztertzea, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu katalogoan mesede egin baitezakete».

Uztarketaren helburua liburutegi bakoitzak bere indarguneak sendotzea da: irakurketa publikoa udal liburutegiaren kasuan, eta ondarea foru liburutegiarenean. Baita herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eskaintzea ere. «Badakigu prozesu hau hobetzeko aukera paregabea dela, baina badira, orobat, zenbait gai eta galdera ebatzi eta argitu beharko ditugunak», esan zuen Itxasok. «Tabakaleraren erakusketa gune berriak zabaldu dira, eta horrek ere pentsarazten digu KMk dituen erakusketa espazioak ederki asko erabil daitezkeela etorkizuneko liburutegi integral horretarako», gaineratu zuen.

Azkaratek eta Itxasok ziurtatu zuten uztartzeak ez duela berekin ekarriko liburutegietan gutxiago inbertitzea. Era berean, uztartze prozesua aztertzeko, kanpo aholkularitza ere jasoko dutela esan zuten: bibliotekonomian aditua den pertsona batek egungo egoera eta indargune eta ahuleziak aztertu eta, ondoren, proposamen bat, metodologia bat eta kronograma bat eskainiko ditu.