Asun AGIRIANO
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Bizitza bihurgune

Ondo dio Jabier Kaltzakortak «ahozko munduan dena da perfektua; erregistro horrek urrea balio du; ez dauka ezer hutsik, perfektua bere xalotasun eta erraztasunean». Garai bateko munduan istorio eder eta bitxiak zeuden, beren apaltasunean kontakizun perfektuak. Egun, berriz, kontakizun eta kantakizun, bizpahiru balada abesteko gauza direnak gutxi dira. Agian horregatik, kutsu nostalgikoa hartzen diot Mariasun Landaren azken liburuari: antzinako kopla bat jaso eta gazteentzako narrazio bihurtuz aurkezten digun “Azken balada” izenekoari.

Liburuaren aurkezpenean egileak horrela zioen: «Ahozko literatura oso erraz galtzen da; hala ere, material bezala erabili eta beste literatura produktu batzuen bidez iritsi da guregana».

Nafarroa Behereko “Oreina bilakatu neska” euskal ahozko literaturan jaso zen azken balada dugu, 1965ean Pierre Lafittek “Gure Herria” aldizkarian argitaratu eta Haizea musika taldeak 1977an Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren ahotsetan ezaguna egin zuena, ‘Ura ixuririk’ izenburupean.

Kontakizunak elkarri loturiko hiru narrazio dakarzkigu, espazio eta denbora jakin batean kokatuak eta tipografia desberdinak dituztela.

Protagonistak Erramun, parke bateko udaltzaina, eta Maitane neska gaztea dira. Lehenengo atalean balada abestua bertsoetan emana zaigu, irakurleari jakin-mina pizteko amu gisa. Bigarrenean, jatorrizko bertsioa Erramunek prosaz azalduta eta, hirugarrenean, Maitane neskatilak asmatutakoa, bertsio libre eta baikorrago batean.

Benetan istorio latza da ahozko literaturatik jasotakoa. Trobalari batek ideia emanda, sorginen erritu baten bitartez, orein bilakatzen den Mayi «neskatila berezi, ausart eta amestia» dugu. «Zaila izaten da gazte baten bihotza ezagutzea», gehitzen du idazleak; izan ere, Mayiren desiorik handiena orein bilakatzea da. Baina erdia besterik ez du lortuko: egunez orein eta gauez neska izaten jarraituko du. Jakes nebak, ehiztari amorratua, tragedia ekarriko du familiara oreina akabatzen duenean. Haragia eltzean egosten den bitartean orein-neskatoak hitz egin, amak alaba ezagutu eta bere buruaz beste egingo du: «puñala sartu du bere bihotzean», dio kantaren azken esaldiak. Une hori jaso du Elena Odriozolak liburuaren azala ilustratzeko, aiztoaren aho zorrotzak emakumearen gorputz gainean jartzen duen irudi indartsua aukeratu baitu.

Maitane neskatilak asmatuko duen narrazio berrian Leo Unai pertsonaia dugu, dorretxea eta animaliak zaintzeaz arduratzen den mutila.

Mayi eta Leo Unai nerabe maiteminduak dira orain, Jakes anaia ehizaren obsesioetatik urrundu nahi dute eta horretarako jolas bat asmatuko dute. Leok zahartzarotik gogoratzen du pasadizoa, agure-denboran, eta narrazio horretan nostalgia kutsua bai antzeman daiteke. «Bizitza bidea dela esan dute askok, eta bihurgune askotakoa dela gehituko nuke nik, dio hirugarren bertsioetako Leo pertsonaiak».

Arauen haustura gogoko duen idazlea dugu Mariasun Landa; adibide bikaina liburu honen egitura esperimentalari erreparatuz gero; izan ere, tradizioa errespetatuz modernitatearekin jolas egiten du.

Mitoetatik urrundu eta umoreari tartetxo bat ere eskaini dio. Horrela, Erramun eta Maitaneren ahotan, auto-fikzioa eginez, idazlearen izen propioa irakurtzen dugu.

Arriskua hartu eta erosotasun esparruetatik irteten dakien idazlea dugu Mariasun Landa. Kierkegaard-ek zioen: «Ausartzea, une batez, oreka galtzea da. Ez ausartzea norbera galtzea da».