Jon LEUNDA
HERRI KIROLAK

Hautagai asko finalean sartzeko

Alberdi, Zaldua, Otaño, Mugertza III.a, Urteaga, Alkizalete II.a, Txapartegi, Irazu, Elorriaga II.a eta Mujika neurtuko dira bihar, 18.00etan, Aiako pilotalekuan. Aurreneko sei sailkatuek lortuko dute uztailaren 3an Usurbilen jokatuko den finalean aritzeko txartela.

Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da bihar Aiako pilotalekuan, 18.00etan, eta ikusmin handia piztu duen kanporaketa da hau, izen handi asko agertzen baitira bertan. Gipuzkoan maila nagusian bost besterik ez dira egoten, eta gainerakoak Bigarren Mailan daudenez, lehiaketa oso lehiatua eta erakargarria geratzen da.

Julen Alberdi, Alkizalete II.a, Elorriaga II.a, Jon Irazu, Mugertza III.a, Jexuxmari Mujika, Eneko Otaño, Luix Txapartegi, Aitor Urteaga eta Xabier Zaldua arituko dira kanporaketa honetan. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta lehendabiziko sei sailkatuek eskuratuko dute uztailaren 3an Usurbilgo pilotalekuan jokatuko den finalean aritzeko txartela.

Hamar aizkolari arituko dira lehian, eta horietatik lau bakarrik geratuko dira kanpoan. Lana ere ez da handia, eta garrantzitsua izango dute huts gutxi egitea, bestela finalean sartu gabe geratuko baitira. Mujika eta Txapartegi Lehen Mailan eskarmentua duten aizkolariak dira, eta ez Gipuzkoan bakarrik, baita Euskal Herrikoan ere. Irazu, Euskal Herriko Txapelketan Lehen Mailan dago, eta azkeneko urteetan finalean izan da. Gainera, Eneko Otaño izango da gazteena, baina sekulako indarrarekin dago, eta bera datorren astean jokatuko den Urrezko Aizkorako finalerako sailkatuta dago. Beraz, badirudi lau horiek sailkatu beharko luketela, baina izenak eta eskarmentuak ez du dena egiten, eta finalean sartu nahi dutenek lana gogotik egin beharko dute, bestela ez du sailkatzerik izango.

Apustu berezia

Apustu berezia jokatuko da gaur Doneztebeko Behar Zana pilotalekuan, bertan herri kirolak eta crossfita batuko baitira. Azken hau nazioartean ezaguna da, eta bertan indarra neurtzeko probak egiten dira, tartean harria jasotzea, baita txingak ere. Ondorioz bi kirol mota horietako apustua jokatuko da gaur 18.00etatik aurrera.

Alde batetik, Xabier Urrutia eta Dani Saldias, herri kirol munduan aski ezagunak direnak, lehiatuko dira, eta bestetik, berriz, Juan Carlos Lesaka eta Alex Fernandez. Benetan lan gogorrak aukeratu dituzte, eta lan guztiak ordubeteren bueltan amaitu nahi badituzte ere, ez dute txantxetakoa aukeratu. Gero, ikusi beharko da ea eguraldiak laguntzen dien; izan ere, egunean zehar bero handia egingo duela iragarri dute, baina arratsalderako euria eta trumoia. Eguraldi txarra bada, Doneztebeko pilotaleku estalira pasatuko dute saioa.

80 kiloko harri bolarekin hasiko dira lanean eta, txanda librean, 50 aldiz berdindu beharko dute bizkar gainean. Horren ondoren, 200 kiloko uztarria bizkarrean hartu eta 20 plaza egin beharko dituzte txanda librean. Behin hori amaituta, txingen lehiaketa jokatuko da, baina gaurkoan esku bakoitzean 70 kilokoak erabili beharko dituzte eta 20 plaza egin beharko dituzte. Laugarren lana, bigarrena bezalaxe, crossfiten egiten dutena izango da. 40 kiloko thrusterra, halterofilian erabiltzen duten tresna. Bularrean hartuko dute, ondoren makurtu eta altxatu egin beharko dute, dena bi eskuekin gora altxatu eta gorputza berdindu arte. Lan hori 50 aldiz errepikatuko dute. Azkenik, trontza izango da, eta hor Saldiasek eta Urrutiak abantaila ematen diete aurkariei. 10 epai zutikako enborrari, eta beste horrenbeste eman beharko dizkiote etzanikoari, eta Lesakak eta Fernandezek, berriz, 20, etzaniko enborrari. Alde bakoitzak 1.500 euro jarriko ditu jokoan. Ikusmina handia da hemen ere, eta joan nahi duenak sarreren aitzakiarik ez du izango, 10 euroren truke egongo baitira salgai.

Gaztedi A taldeak eskura dauka 680 kiloko txapela

Deban jokatuko da bihar, 11.30etik aurrera, Euskal Herriko 680ko azkeneko jardunaldia, eta bertan erabakiko da maila honetako txapela. Oraingoz, Gaztedi A taldeak bideratuta dauka lehen postua, jokatutako bi saioak irabazi egin baititu, eta bigarren dagoen Goiherri A taldeari bi puntuko aldea ateratzen dio.

Goiherri B taldearentzat izango da hirugarren postua, eta beste lehia laugarren posturako dago, Gaztedi B eta Mutriku berdinduta baitaude. Postu horretara Ibarra bera ere heldu daiteke. Gaztedi C taldeak itxiko du sailkapena. J.L.