Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Bizitzaren aldeko aldarria» egiten duten poemak bildu ditu Magdalenak «Argia» liburuan

Argiaren gaineko hausnarketa eta «bizitzaren eta alaitasunaren aldeko manifestua» da aldi berean Peru Magdalenaren «argia» poema liburua. Autoreak bere obra «totemikotzat» du argitalpena.

“Argia” (Elkar) poesia liburuaren argitaratzea «ospakizun bezala» bizi duela ziurtatuz hasi zuen Peru Magdalenak liburuaren aurkezpena. «Barreneko sentimendu indartsu eta alai batek besarkatzen nau, idazlearen ibilbidean badaudelako gai baten inguruan hausnartzen duten liburuak, bidaia bat kontatu dezakezu, istorio bat eraiki... baina badaude nolabait esateko totemikoak diren liburuak; horietan osorik ematen da idazlea, eta nik hori sentitu dut, neure herentzia poetiko filosofiko bitala da». Poesia liburua «txundidura batetik» abiatzen dela azaldu zuen Magdalenak, «bizitzarekiko, alaitasunarekiko txundiduratik. Bizitza, gailur goren baten gorazarrea baita», eta liburua zatitzen duten bost ataletatik bakoitzean sentipen horretatik eratorritako poemak bildu ditu. «Guztiak idatzi nituen udan, sasoiko zorion arin horri tiraka eta nire buruari argia zer den galdetzen nion bitartean», zehaztu zuen.

Lehen atalean «jolaserako arauak» ezarri dituela azaldu zuen, «zer den poesia, zer egin nahi dudan, nora iritsi nahi dudan...», eta, bigarrenean, “Elurte handia” izenekoan, elurra eta haurtzaroa uztartzen ditu. Haurtzaroko oroitzapenez eta «haurrak elurte handi baten aurrean sentitzen duen txundiduraz» gogoeta egiten du autoreak. Hirugarren atalean, gaztaroa du hizpide, laugarrenean argiaren gaineko hausnarketak egiten ditu «eta argia bizitzaren sustrai hegalari moduan agertzen da». Bosgarren atala, “Gizakiarenak” izenekoa, «argiz poztu eta puztutako gizakiaren testigantzek» osatzen dute.

Magdalenak argitalpen honetara ekarri dituen poemek ez dute izenbururik, dena letra txikiz idatzita dago hasieratik bukaeraraino eta liburu osoan ez dago puntuazio zeinu bakar bat ere. Autoreak erabaki hori «denari batasun bat emateko» hartu zuela azaldu zuen, eta poema horien bidez «existentziaren aldarria, bizitzaren aldekoa» egin nahi izan duela nabarmendu zuen. Finean, bizitzaren eta alaitasunaren aldeko «manifestu etikoa» egiten ahalegindu dela eta emaitza «goxoki edo ariketa estetikoa» izan dela azpimarratu zuen.