Asier AIESTARAN
PILOTA

Bilbon hasitako ospakizuna Donostiara iritsiko da gaur

Balentria handia egin du Iker Irribarriak, eta jasotzen ari den omenaldi sorta ere halakoa da. Partida amaitubezain laster Bilbon hasi zen festa Goierri aldera mugitu zen gauean, eta gaur Donostiara helduko da.

Profesional mailako lehen txapela merezi duen eran ospatu beharra dago, eta halaxe izaten ari da Iker Irribarriaren kasuan. Buruz Buruko txapeldun gazteak, inoiz izan den gazteenak, harrera beroa jaso zuen igande gauean, eta behin partida amaituta Goierri ingurura itzuli zenean, bertan zituen zain lagun, senide eta jarraitzaileak.

Lagunek Bizkaiako kantxan bertan gogoz besarkatu zuten arren, gauean Ordiziako Tximista sagardotegian izan zuen ongietorria ez zen berehala ahazteko modukoa izan. Lehenik, bere arrebak –hari eskaini zion txapela batez ere pilotariak– aurreskua dantzatu zion, lore sorta bat ere jaso zuen bere eskuetatik, eta bertsolarien jardunaz ere gozatu zuen ondoren.

Aitor Mendiluze, Agin Laburu eta Igor Eguren izan ziren mikroa hartu zutenak, eta baita perla ederrak utzi ere. «Eta hik aurrean hortxe eman diok berdin eskuin eta ezker, disfrutatu deun guztiagatik Iker hamar mila esker», bota zion ausart Ordiziako alkate ohiak. Mendiluzek ere barrez ipini zituen entzule denak: «Baina lagunei a zer putada gaurko emaitza medio, niki urdin bana erosi dute eta orain ez die balio».

Giro ederrean afaldu zuten guztiek, kanta eta txantxa artean. “Eskerrik asko zure ametsetan parte hartzen uzteagatik, zorionak”, zioen alboan ipinitako pankartak, eta izenak aipatzen hasita, Aritz Elustondo lehengusua ere, Realeko jokalari gaztea, afaltiarren artean zela esan behar. «Ni lagun eta senideekin lasai afaltzeko asmoz nentorren, eta ez nuen halako ongietorririk espero inondik inora. Oso ederra izan da eta asko eskertzen diet guztiei», onartu zuen aurrelariak ETBko kameren aurrean.

Ez du noski igandekoaren xarmarik izango, baina ospakizun eta harrerak ez zaizkio oraindik amaitu goierritarrari. Gaur arratsaldean Gipuzkoako Aldundian izango da erakundeen partetik omenaldi ofiziala jasotzeko, eta ostiralean bere herrian jokatzeko aukera izango du: Xabier Tolosarekin, Jokin Altuna eta Beñat Rezustaren kontra.