Eneko Atxa izendatu dute estatuko sukaldeburu onena
Eneko Atxak jasoko du aurten Sukaldeburu Onenaren Gastronomia Sari Nazional espainola. «Benetako saria gustukoa dudana egin ahal izatea da», adierazi zuen sukaldariak. Sustraietatik abiatuta sormena eta sukaldaritza jasangarria sustatzeagatik saritu dute.

Gastronomiako Errege-Akademia espainolak atzo jakinarazi zuen Eneko Atxa sukaldariak jasoko duela 2015eko Sukaldeburu Onenaren Gastronomia Saria. Hiru Michelin izar dituen eta Larrabetzun kokatua dagoen Azurmendi jatetxearen jabea eta sukaldaria da Atxa eta saria ekainaren 6an jasoko du Madrilen egingo den ekitaldian.
«Albiste polita da, nahiz nik beti esaten dudan berririk onena jendea ni ikustera etortzea dela, egunero jatetxea irekitzea eta gustukoa dugunaz gozatzea», adierazi zuen atzo. «Pribilegiatuak gara, gustukoa egiten dugu eta maite gaituztenak ditugu inguruan; benetako sariak horiek dira», esan zuen.
Akademiak eta Mahai Onaren Kofradiak Atxa saritzea erabaki dute «sustraietan oinarritutako sukaldaritza» egiteagatik eta euskal gastronomia tradizionaleko errezeten «berrinterpretazioaren bidez» euskal sukaldaritza «sormenarekin, jasangarritasunarekin eta Azurmendi kokatua dagoen ingurunearekiko errespetuarekin elkarrizketan jartzen duten platerak sortzeagatik». Orain gutxi Opinionated About Dining gidak 2016ko Europako bigarren jatetxe onena izendatu zuen Azurmendi eta munduko jatetxe onenen 50 Best Restaurant zerrendan 19. postuan dago egun; 2015ean zerrenda horretako Europako onena izan zen eta urte bat lehenago munduko jatetxe jasangarriena izendatu zuten.
Azkenaldian jaso dituen onarpen eta sariez gain, 2010ean Gastronomiaren Nazioarteko Akademiak “Chef de l’Avenir” edo etorkizuneko sukaldari izendatu zuen eta Sukaldari Gazteen Goi Mailako Sukaldaritzako Espainiako Txapelketa ere eskuratu zuen. Horrez gainera, Azurmendik dituen hiru Michelin izarrak sei urteko epe laburrean eskuratu zituen (2007, 2011 eta 2012).
Iaz ere Gastronomia Sari Nazional espainola eskuratzeko finalisten artean egon zen (Maria Martek jaso zuen) eta, aurten, Ricard Camarena (Ricard Camarena Restaurant, Valentzia), Ramon Freixa (Ramon Freixa, Madril) eta Ricardo Sainz (Kabuki, Madril) sukaldarien artean gailenduta lortu du saria Atxak.
Eneko Atxak (Zornotza, 1977) prêt-à-porter estiloko bistroa du Azurmendi jatetxearen ondoan –astero sukaldaritza osasuntsua eta euskal sukaldaritzako errezeta tradizionalak oinarri dituen menu ezberdin bat eskaintzen du–, eta jatetxea material jasangarriz eraikia izateaz gainera, desagertutako espezieak berreskuratzeko baratzea ere osatu du haren ondoan. Tokiko laurehun barazki barietate ditu eta bere txakolina ere ekoizten du.
Nazioarterako jauzia Phuket-en (Thailandia) duen Aziamendi jatetxearen bidez eman zuen eta, horrez gain, uda honetan bertan Londresen One Aldwych jatetxe berria irekitzeko asmotan dabil.
Sustraiei heltzeko egiten duen ahalegin horren atzean bere ama eta amona daudela esan izan du Atxak, horiek izan dituela irakasle nagusi, eta Martin Berasategui, Juan Mari Arzak eta Ferran Adria sukaldariak ere aipatu izan ditu.
Garatu dituen teknika originalen artean daude salda kontzentratuak, zentrifugazioak eta hutsarteetako aromak. Saldetan aditutzat hartua da.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
