Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Etorkortasun hutsaz

Datozen hauteskundeei begirako hautagaien show honek ikastola-garaia gogoratzen dit. Jolastokian geundela, halako batean, apeta hutsagatik, mutilek futbolean eurekin jokatzen uzten zigutenean, errukitsu, faborea egitearren gu gajooi, korroan eserita neska-kontu hutsalekin aspertuta. (Futbola jartzen duen tokian, berdin zion errugbia, frontenisa… bazen, alegia, indarra edota trebezia behar duen edozein jarduera). Etorkortasuna zerion beti ustez ongietorrizko keinu zenari, ustez berdinetik berdinerako parte hartzeko gonbitari.

Ez dut uste haurrengan jarrera hori gehiegi aldatu denik (eskoletako jolastokietatik igarotzen naizenean espazioa zelan banatzen duten ikusita, ezetz esango nuke, adi!), baina ziur naiz gizon askoren helduaroak emakumeekiko jokabide hark bereizita jarraitzen duela, eta andrazko anitzenak ere bai. Guztiz logikoa izan arren, heziketaren arrasto indartsua tarteko, beste zenbait jarrera bezain larria deritzot: gizonok betetzen dituzten heinean jendarteko esparru gehienetako aginte, zuzendaritza, kudeaketa edo edozein goi-mailako ardura-forma, etorkortasunez bustitzen jarraitzen dute inguruko emakumeei eskaintzen dizkieten abaguneak. Noski, abagunerik ere ez eskaintzea eta hori ikusaraztea gehiegizkoa litzateke egungo jendartean; hautesleok, erdiok, behintzat, ez genuke ulertuko politika gizonek baino ez egitea, haiek segitzea XXI. mendean (mesedez!) gizateria osoaren arazoez arduratzen, haien ikuspuntu bakarretik, haien sen, heziketa eta gauzak egiteko eratik haien artean. Ez horixe, izan ere, egun bor-bor dabilen feminismoak, nonahi ageri den feminista andanak, mundua inbaditu duen genero-kontuaren gaineko mugimenduak, ez lieke bakerik emango. Ondotxo dakite ikasbidea alderdietako estrategek eta komunikazio-arduradunek, irudia emakumez hornitu beharra dagoela, jokatu jokatzen dutelako pertzepzioa zabaldu beharra dagoela.

Agian, erdiesten ariko dira helburu hori, herritar askori sinetsarazte hori emakumeek politikan gizonek beste eta berdin-berdin parte hartzen dutela. Irudien indarra, pertzepzioen tinkotasuna, zail dira kolokan jartzen… eta latza da ulertaraztea emakumeok oraindik oso urrun gaudela politikaren ligako lehen mailako goi-postuetatik, ezpada inork guri atsegin emateko eta guk inori atsegin emateko izendatuak. Urrun gaudela, hauteskunde hauetan ere, batik bat gizonezko buruzagien ezinbesteko konpartsakide baino gehiago izatetik.