GARA
DONOSTIA

Torturaren aurreneko ikerketa ofizialaren lehen ondorioak, gaur

Lakuaren eskariz Kriminologiaren Euskal Institutua egiten ari den torturari buruzko ikerketa ofiziala ez dago amaituta, baina bai oso aurreratuta. Paco Etxeberria forentseak gaur eskainiko ditu lehen ondorioak, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiarekin batera.

Lakuak EAEn jazotako tortura kasuak dokumentatu eta txosten ofizial batean biltzeko prozesua aurrera doa eta ari da fruituak ematen. Kriminologiaren Euskal Institutuak (KREI) du informazioa bildu eta osatzeko ardura, Paco Etxeberria auzitegi-medikua lantaldearen buru dela. Ikerketa ez dago amaituta, baina bai oso aurreratuta; hala, bitarte honetan ateratako zenbait ondorio plazaratuko dituzte gaur bertan Donostian Jonan Fernandez Lakuako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eta Etxeberriak berak. Epeak betetzekotan, datorren irailean amaituko dute adituek.

Ikerketa proiektua Bake eta Bizikidetza Planaren baitakoa da, eta 1960tik 2013ra bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako tortura kasuak jaso, dokumentatu, sailkatu eta hainbatetan ikertu ere egin dituzte.

Besteak beste, kuantitatiboki egoeraren argazkia ateratzeko balio izango du txostenak; izan ere, 5.000 tortuta salaketa inguru daude erregistratuta. Zifra ez da nolanahikoa, eta egoeraren dimentsioaren neurria ematen du. Kasu bakoitza karpeta batean dago sailkatuta, eta barruan argazkiak, testigantzak, dokumentazioa eta beste froga batzuk daude bilduta. Etxeberriak ikerketaren inguruan orain gutxi eskaini zituen azalpen batzuetan esan zuenez, «nahikoa froga daude [tortura] gertatu dela berresteko».

«Egongo da jendea sinisten ez duenik, eta sinistuko ez duena, baina hemen 5.000 hiritar daude, behatza jaso dute eta honakoa baieztatu dute: ‘ni kaltetu bat naiz’», esan zuen agerraldi hartan. Adierazi zuenez, salaketa gehienak Polizia espainolaren eta Guardia Zibilaren komisarietan gertatukoak dira.

Ikerketaren helburua praktika honen inzidentzia erreala identifikatzea da, EAEko hiru herrialdeetan 50 urteetan zehar, eta ondoren helburuak zehaztea errekonozimendu, erreparazio eta prebentzioari dagokionez.

Informazioa kuantitatiboki eskaintzeaz gainera, kualitatiboki ere argigarria izango da, Istanbuleko Protokoloa erabiliz jasotako salaketen sinesgarritasuna neurtu ahal izan delako, eta horren inguruan ere mintzatuko dira gaurko agerraldian.

Aurkezpena gaur, Donostian

Hitzordua Donostiako Carlos Santamaria zentroan izango da. Bestalde, EHUk, Udako Ikastaroen baitan, “Tortura, tratu txar eta umiliagarrien biktimentzako egia eta aitorpena” izeneko ikastaroa eskainiko du gaur, bihar eta etzi, eta gaurko hitzordua baliatuko dute, 11.30ean, torturaren gaineko ikerketa ofizialaren lehen ondorioak plazaratzeko. Paco Etxeberriarekin batera, KREIko Carlos Martin, Laura Pego eta Benito Morentin izango dira.

Ikastaroan eskainiko diren mahai-inguru eta hitzaldi anitzetan parte hartuko dute, besteak beste, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak, Istanbul Protokoloaz mintzatuko diren psikologo eta psikiatrek, abokatu adituek, Arartekoak eta Lakuako Segurtasun Saila ordezkatzen, Jorge Aldekoak. Paradoxikoki, Iñigo Cabacas gaztea gomazko pilotakada baten ondorioz zendu zen Ertzaintzaren operatiboaren buru izan zenak “Prebentzio mekanismoak” hitzaldia eskainiko du bihar.

Euskal Memoria

Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak ikerketari ekiteko informazio mamitsu eta baliotsua izan dute esku artean: Euskal Memoria fundazioak denbora luzez bildu zuen txostena. Zehazki, 5.022 kasu bilduta soilik ez, egiaztatuta zituen, 1960 eta 2014. urteen bitartean jazoak. Bakoitza banan-banan egiaztatuta dago, gainera.

Banan-banan egiaztatu izanak, besteak beste, kasuak xehatzea ahalbidetu zuen geografikoki, sexu, garai eta polizia motaren arabera. Ondorioztatu zenez, tortura kasuen %58,4ean kartzela zigorra jaso zuen ondoren biktimak, baina horietatik %41,32 aske gelditu ziren denbora gutxira.