GARA
BILBO

Kutxabank-ek kontseilua berritzea eta kutxei dibidendua ematea onartu du

Kutxabank-eko akziodunen batzar nagusiak Administrazio Kontseilua berritu zuen atzo eta, besteak beste, hiru kide independente berri izendatu zituen. Gainera, 30,5 milioi euroko dibidendu osagarria txertatuko die Kutxa, BBK eta Vital kutxetako gizarte ekintzei.

Kutxabank-eko akziodunen batzar nagusiak Administrazio Kontseilua berritzea eta BBK, Kutxa eta Vital kutxetako gizarte ekintzetara bideratuko den 30,5 milioi euroko dibidendu osagarria onartu zuen atzo, Bilbon. Efe agentziari banketxeak adierazi zionez, bileran hiru kontseilari independente berri izendatu zituzten: Manuela Escribano, Roxana Meda eta Antonio Villar. Halaber, beren karguak indarrean jarraitzen duten sei kontseilariei, atzo izendapena berritu zieten zazpi kontseilari batzen zaizkie.

Hiru batzarkide independente berriekin, orotara sei izango dira Kutxabank-eko Administrazioa Kontseiluan independenteak diren kideak. Iturri berberen arabera, honek bat egiten du Gobernu Korporatibo Onaren ereduarekin.

Atzoko izendapenekin eta mantentzen diren karguekin, finantza taldearen gobernuak hiru kontseilari exekutibo izango ditu (Gregorio Villalabeitia presidentea, Xabier Iturbe lehen presidenteordea eta Francisco Javier Garcia Lurueña kontseilari delegatua), sei independente eta BBK, Kutxa eta Vitaleko fundazioek proposatutako zazpi.

Hiru batzarkide independente berriek gainditu egin zuten Europako Banku Zentralak jarritako egokitasun azterketa, eta eskarmentu handia dute finantza jarduera ezberdinetan. Auditoretza, erregulazioa eta arriskuei dagokienez funtzioak indartuko dituzte, Kutxabankek azaldu zuenez.

Halaber, hurrengo lau urteetako agintaldirako kontseilari kargua berritu zieten Xabier Iturbe kontseilari exekutiboari, Maria Victoria Mendia eta Jose Antonio Ruiz-Garma independenteei eta BBK, Kutxa eta Vitaleko fundazioek hautatutako Josu Ortuondo, Joseba Mikel Arieta-Araunabeña, Alexander Bidetxea eta Jesus Maria Herrastiri. Bestalde, kontseilua utzi dute Ainara Arsuaga, Iosu Arteaga eta Begoña Achalandabasok.

Batzarrak 30,5 milioi euroko dibidendu osagarri bat ere onartu zuen. Hori iragan abenduko 78,8 milioi euroko dibidenduari gehitzen zaio, 109 milioi eurora iritsiz, bankuak 2015ean izan zituen mozkinen %50a, hain justu. Iazko kontuak ere onartuak izan ziren.